Mecanica Mallabi konpainiako zuzendaritzak joan den astelehenera atzeratutako bilera batean jakinarazi zion enpresa batzordeari jaso duela epaitegiko likidazio autoa, eta lantegia ixteko momentua iritsi dela. Mahai gainean jarritako platera "aspaldi prestatutakoa" dela uste badute ere, itxiera "modu krudel eta ilunean" gauzatu izana salatu dute langileek. Alfa taldearen "diruzalekeria" arbuiatzeaz gain, profesionaltasun eta gaitasunik eza egotzi diote. Egun, 81 lagun ari dira beharrean Mallabiko (Bizkaia) lantegian.
LABeko ordezkariek "kudeaketa penagarria" egin izana aurpegiratu diete Mecanica Mallabiko arduradunei. Sindikatu abertzalearen arabera, Alfa taldeko zuzendaritzak "iluntasunez" jokatu du: "Astebete lehenago sartu zuen epaitegian likidazio proposamena langileei ezer jakinarazi gabe, haren arabera ezin dielako aurre egin hartzekodunen hitzarmenaren ordainketari". Irtenbideak bilatzeari uko egin diola ohartarazi du, gainera: "Ez da bere estiloa. Alfako zuzendaritzak berriro erakutsi du zein gutxi axola zaizkion pertsonak, eta zenbat zenbakiek; bereziki, haienek".
181 langiletik 81 langilera
Zorraren %50 barkatzea lortu zuen enpresak, baina zegokiona ordaintzen hasteko eguna iritsi zaionean langileen "iragarpenik okerrena" egi bihurtu duela txarretsi du LABek: "Ez ordaintzea eta langileak kaleratzea izan da zuzendaritzaren konponbidea. Ez du lotsarik". Aurrera begirako egitasmo eta mobilizazioak adosteko, langileek batzarra egingo dute astelehenean, ez daudelako "horrelako astakeriak" onartzeko prest. Hasteko, asteartetik aurrera greba mugagabera joko dutela iragarri dute. Bihar "benetako" industria politika baten alde Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera ere deitu dute.
Mecanica Mallabik 181 langile zituen 2011. urtean, eta 27,3 milioi euro fakturatu zituen. 2014an, ehun lanpostu kendu, langile berriak azpikontratatu, eta enpresako beharginei soldata "era nabarmenean" jaitsi ondoren, 7,6 milioi fakturatu zituen 81 langilerekin. Enpresaren txikitzearekin oso kezkatuta agertu dira aspaldian langileak, eta haren aldeko apustu garbia ez egitea leporatua diote haren jabeari, Alfa taldeari. Bereziki haserre azaldu dira 2009an makinak eta langileak Errumaniara igorri zituztelako, Alfa taldeak sortutako Rumagol enpresara. Mecanica Mallabiren "lehiakide zuzena" den enpresa batera, alegia.