LABek bat egin du enpresei kenkari fiskalak mugatzeko eskaerarekin

Sistema «bidezko eta banatzaile» baten aldeko proposamen sorta egin du zenbait zerga motatan

Ivan Santamaria.
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko saio monografikoaren ondotik, zerga sistemari buruzko eztabaidak kalean jarraitzen du. LABen txanda izan zen atzo. Sindikatu abertzaleak zerga erreforma «bidezko eta banatzaile» baterako proposamena aurkeztu zuen, azken urteotan egondako erreformak atzera bota eta sistema mailakatuagoa bultzatzeko asmoz. Zerga zuzenei buruz, neurri zehatzak eskatu ditu LABek. Sozietateen gaineko zergan, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duen ildoari jarraitzen diote.

Enpresen irabaziek ordaintzen duten zergaren bilakaerari buruzko irakurketa kritikoa egiten du sindikatuak. 1996. urtetik egindako beherapenen ondorioz, tasa orokorra %35etik %28ra igaro da, eta %24 enpresa txiki eta ertainentzat. Haatik, ehuneko horren azpitik dago enpresa gehienek ordaintzen dutena, kenkari eta pizgarri fiskal ugarien ondorioz.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna beherapen fiskalekin bultzatu dela ondorioztatu du LABek. «Kontzertu ekonomikoa lehia fiskala bultzatzeko erabili da, enpresei zergak eta gastu publikoaren finantzaketari egiten dioten ekarpena jaitsita».

Kenkari horiek sozietateen gaineko zergaren faktura arintzeko tresna bihurtu direla uste du LABek, eta indarrean daudenak «nabarmen» mugatu behar direla dio. Gipuzkoako Foru Aldundiak antzeko tesia defendatu du, eta proposamen bat eraman du Batzar Nagusietara, beste alderdiekin negoziatzeko. Beherapenak «salbuespena» izatea nahi du Helena Franco Ogasun ahaldunak.

Horrekin batera, enpresa jakin batzuei ezarritako zerga tasa bereziak berrikusteko eskatu du sindikatuak. Gipuzkoak horietako batzuk aztertu nahi ditu. Enpresak sustatzeko elkarteak— Rafa Nadal tenislariak baliatzen zituenak — kendu nahi ditu, eta kooperatiben araudia ere auzitan jarri du, beste enpresek baino askoz gutxiago ordaintzen dutelako. Halaber, bai sindikatuak, bai foru gobernuak diote oinarri negatiboen konpentsazioa mugatu beharra dagoela.

Aldaketa horiek tasa orokorrak aldatu gabe aurrera atera nahi du Martin Garitanoren foru gobernuak. LABen ustez, ordea, beharrezkoa litzateke azken urteotako beherapenetan atzera egitea, «zergaren bilketa ahalmena nabarmen jaitsi dutelako».

PFEZaren bikoiztasuna kendu

Errenta zergari buruz ere proposamen sorta bat dakar LABen txostenak. Jasotako dirua jatorriaren arabera banatzeko erabakia da kritika nagusietako bat. 2007. urtetik PFEZak egitura bikoitza du. Alde batetik, lan etekinak zergapetzen dira, eta, beste batetik, kapital eta aurrezkiak, eta zerga oinarri ezberdinak dituzte. «PFEZaren funtzio banatzailea soilik lan errentei geratu zaie. Aldiz, kapital errentek duten tratua atzerakoia da, eta aberastasuna eta botere ekonomikoa pilatzea errazten du», dio txostenak.

Banaketa hori amaitzeko eskatu du LABek. Hala, errenta guztientzat oinarri bakarra legoke, eta zergaren eskala orokorraren arabera ordainduko lukete. Horrekin batera, oinarri likidagarrian eskala gehiago jasotzea beharrezkotzat jo du, presio fiskal egokiago bat lortze aldera (zortzi dira Gipuzkoan, eta bost Araban eta Bizkaian).

Errenta handienak dituztenei ere tasak igo nahi dizkie sindikatu abertzaleak. Gipuzkoan handiena %49 da 175.000 euro baino gehiago aitortzen dituztenentzat, eta ez da %45etik pasatzen Araban eta Bizkaian. LABek ez du ehuneko zehatzik aipatzen, baina Suediako eta Belgikako adibideak aipatzen ditu: %56,4 eta %53,7 hurrenez hurren.

Bigarren etxebizitzak zergapetzea, jarduera batzuei modulu bidezko kalkulua debekatzea eta ondare zergak indarrean jarraitzea ere nahi du LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.