LAB sindikatuaren ustez, jarduera ekonomiko guztiak epe batez eten beharko lirateke, oinarrizko zerbitzu hauek salbu: osasuna, elikadura, garbiketa, energia eta ura, helduen zaintza eta garraio publikoa.
«Sistema bera da gaixo dagoena», nabarmendu dute Igor Arroyo idazkari nagusi berriaren albokoak eta Xabier Ugartemendia negoziazio kolektiboko arduradunak, Bilbon egindako agerraldi batean. «Ezohikoa den egoera baten aurrean gaude, emergentzia sozialeko egoeran».
Arroyok «gertu» ikusten du zerbitzu guztiak bertan behera utzi beharreko unea, jendea etxean gera dadin. Agertoki horren aurrean, proposatu du Gizarte Segurantzaren lizentzia bat sortzea, langile guztiei soldataren %100 bermatuko diena. Sindikatuaren arabera, hori finantzatu beharko litzateke konpainientzako eta kapital errententzako zerga berezi bat sortuz.
LABen ustez, koronabirusaren ondorioei aurre egiteko bidea ez dira kaleratzeak eta aldi baterako erregulazio dosierrak. «Ez dugu onartuko horren kostua eta kaltea langileon bizkar erortzea».
Ugartemendiak azaldu duenez, enplegua erregulatzeko dosier bat aplikatuko balitz, iraupen laburrekoa dela bermatu beharko lukete enpresek, eta kaltetutako langileak beren soldataren % 100 jaso beharko lukete lan egin gabe ematen duten denboran. Era berean, eskatu du egoera horretan dauden langileei egunak ez kentzea langabeziarako dituztenetatik.
Zaintza ereduaren «krisia»
LABeko kideek nabarmendu dute une hauetan sindikatuaren lehentasuna dela langileen «osasuna, zaintza eta lan eskubideak» bermatzea. Azpimarratu dute erakundeen ardura ere badela hori, baina salatu dute neurri handi batean enpresen prebentzio zerbitzuen esku utzi dutela hori. «Gauzak horrela, ez dago bermatzerik enpresek behar bezala jokatuko dutenik»
Era berean, adierazi dute koronabirusaren auziak agerian utzi duela «zaintzaren krisiaren gordintasuna». «Haurrak kutsatu ez daitezen etxera bidaltzearekin bat, administrazio publikoak aitona-amonen gain utzi du zaintzaren ardura, kapitalaren eta bizitzaren arteko borrokan, berriz ere kapitalaren interesak lehenetsiz».
«Berehala eteteko» eskaera Mercedesen
Mercedes autogintza enpresak Gasteizen duen plantako —5.000 behargin ditu— sindikatuek eskatu dute produkzio osoa «berehala eteteko», argudiatuta ez direla betetzen lantegian osasun erakundeek gomendatutako baldintzak. UGT sindikatuak —gehiengoa du langileen artean— ohar batean azaldu duenez, zuzendaritzak erantzun die ez duela lantegia geldituko, eta ziurtatu du osasun baldintzak betetzen direla. «Onartezina iruditzen zaigu produkzioa lehenestea langileen segurtasunaren gainetik».
Horren ordez, zuzendaritzak sindikatuei proposatu die aldi baterako erregulazio dosier bat egitea, eta bilera batera deitu dituzte astelehenerako. Zuzendaritzak zenbait aukera proposatu ditu: lan erregulazioa selektiboa ala partziala egitea. UGTk aurreikusten du lan erregulazio totala ere proposatzea: modu horretan, produkzioa eten beharko lukete. «Espero dugu sen ona gailentzea eta fabrikak ixtea».