Nafarroako Volkswagenek abuztuaren 20an adierazi zuen aldi baterako lan erregulazioa aplikatuko zutela. Azaldu dutenez, arrazoi produktiboengatik hartu beharreko neurria da: gasolina motoreetako homologazio arazoari aurre egiteko balioko duela argudiatu dute. LAB sindikatuak erabat baztertu du enpresak azaldutako asmoa. “Ez dugu neurria ulertzen”, esan du Imanol Rodriguez LABeko Metaleko enpresa handien arduradunak. Gaineratu du lantegiak aspaldi antzeman zuela homologazioekin zegoen arazoa, eta, beraz, denbora izan dutela erremedioa jartzeko.
"Volkswagenek Espainiako Gobernuaren neurriei eta Europatik etorritako aginduei leporatu die errua, baina guk badakigu erantzukizun osoa haiena dela", adierazi du Rodriguezek. Sindikatuaren ustetan, enpresa antolakuntza akats larriak izan dira arazoaren eragileak. Hortaz, Landabengo lantegia zein Volkswagen talde osoa dira "errudun bakarrak", esan dutenez.
Behin behineko lan erregulazio txostena aurkeztu eta gero enpresak izandako jarrera kritikatu du sindikatuak. Aurkeztu duten irtenbide bakarra lan erregulazioa izatea salatu dute, arazoaren kostua "langileei botatzea" baita. Neurriak langile asko kaltetuko dituela azaldu du LABek. Landabengo lantegiko 4.800 langileek ez ezik, Volkswagenentzat lan egiten duten azpikontratatuek eta enpresa hornitzaileek ere pairatuko dute lan erregulazioaren eragina. Sindikatuaren datuen arabera. 13.000 langile inguru kaltetuko ditu neurriak.
ELA ere kexu agertu da. Komunikabideetara igorritako oharrean dio "aurrekari oso arriskutsua" dela enpresa astebetez ixtea, eta beraz Lan Ikuskaritzara jotzea aztertzen ari da. Enpresaren beraren akatsa langileen eta diru publikoaren kontura konpondu nahi izatea egotzi dio.
Erregulazioa justifikatu gabe dagoela uste du ELAk, ez nabarmendu duenez, Landabengo lantegian ez dira betetzen erregulazioa aplikatzeko baldintzak.