LAB sindikatuaren arabera, "onartezinak" dira Pello Gibelalde Adegiko presidenteak pasa den ostiralean egindako adierazpenak. Sindikatuak uste du, gainera, gazteen "gose faltaz" esandakoak ez direla prentsaurrekoko beroaldi baten ondorio: "Hitz horiek erakusten dute Gipuzkoako patronalak azken urteen izandako pentsamoldea eta jarrera". Hori dela eta, Pello Gibelalderen dimisioa eskatu du LABek, eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak jakinarazi du bertan behera utzi dutela datozen egunetan Adegirekin egitekoa zuten bilera. Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak ostiraleko adierazpenen inguruan duten iritzia ere jakin nahi du sindikatuak.
EH Bilduk, bere aldetik, ebazpen proposamen bat aurkeztuko du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Honela dio idatziaren lehen puntuak: "Gibelalderen hitzak bidegabeak eta iraingarriak dira, gazteek gure gizarteari egiten dioten ekarpena gutxiesten dute; beraien esfortzua mespretxatzen, eta ez du kontuan hartzen pairatzen duten lan eta ekonomia prekarietatea". Hortaz, Adegiko buruari "gazteen kontrako irainak" erretiratzeko eskatzen diote. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiari gazteei zuzendutako politika aktiboak garatzeko ere eskatzen dute ebazpen proposamenean.