Hego Euskal Herriko hiriburu, herri eta industriguneetan egiten ari dira mobilizazioak. Lan itunen estatalizazioak eragiten duen “baldintzen prekarizazioa” salatu nahi du sindikatuak, modu horretan. Guztira, 135 elkarretaratze antolatu ditu. LABek bi orduko lanuztera deitu zituen langileak gaurko.
Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Oiartzungo kanpoaldean egin den bilkuran egon da. "Estatalizazioa bere bidea egiten ari da; hedatzen ari da olio orbanaren modura; langileen heren bat dago estatalizaziopean, eta erdia arriskuan dago", azpimarratu du. Gaur egun indarrean dauden lan itunen %22a baino ez da bertan hitzartutakoa, sindikatuak egindako kalkuluen arabera.
Mugarritzat jo du Aranburuk gaurko mobilizazioa, eta aurreratu du estatalizazioaren kontrako borroka "indartu" egingo dutela aurreratu du sektore eta enpresetan. Negoziazio kolektiboak duen blokeo egoera gainditzeko "borroka" agindu du, halaber.
LABek estatalizazioaren eragina “orokortzen” ari dela ohartarazi zuen, deialdia defendatzeko. Espainiako lan moldeak Euskal Herrira ekarrita, euskal langileen erabakitzeko eskubidea “urratzen” ari da, gainera.
Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua ere bultzatzen jarraituko dute. "Lan mundutik ere inboluzioaren aurrean erantzun sozial zabalerako eztabaida sustatu eta baldintzak sortuko ditugu".
Bi orduko lanuzte deialdia aurkeztu zenean, sindikatu abertzaleak estatalizazioaren aurkako borroka hori testuinguru zabalago baten barruan jarri zuen. Pentsiodunen edo feminismoaren mobilizazio handiei jarraipena eman behar zitzaiela argudiatu zuen Aranburuk. Horien guztien indarra ikusita, “erantzun orokorrago bat” eman behar dela uste du. Erantzun hori greba baten forman irudikatu zuen LABeko idazkari nagusiak. Galiziako CIGek greba orokorrerako deia egina du, ekainaren 19rako.