LAB sindikatuak zerbitzu publikoen aldeko aldarria egin du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian: «Pandemiak agerian utzi ditu osasungintzan edota helduen zaintzan dauden hutsuneak. Orain dugu aukera zerbitzu publikoen ereduak behar duen aldaketa sakona egiteko; ez dira negozioa egiteko, eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eman behar zaie». Hala adierazi du gaur Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak.
Bi eskari nagusi egin ditu sindikatuak. Batetik, langileen lan baldintzak hobetzeko eskatu du, «sektore publikoan prekaritatea nagusi delako», eta zenbait helburu jarri ditu: besteak beste, langileen behin-behinekotasuna %8ra murriztea; ratioak legez hobetzea zaintzan, hezkuntzan eta osasungintzan; enplegua egonkortzeko prozesuak martxan jartzea; eta hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten legeak onartzea.
Bestetik, zerbitzu publikoak publiko egin eta indartzea gakoa da, LABeko ordezkarien arabera. Horregatik eskatu du osasungintza sistema publikoa indartzeko, eta helduen zaintza publiko egiteko: «Horretarako diru gehiago inbertitu behar da, eta azken urteetan EAEko eta Nafarroako aurrekontuetan egin diren murrizketak amaiarazi».
Hauteskundeak
Sindikatuak Euskal Herrian erabaki nahi ditu zerbitzu publikoen eredua eta beharginen lan baldintzak, «zentralizazio politika amaituz». Azken hilabeteetan gehiengo sindikal eta sozial bat atera da kalera «aldaketa soziala aldarrikatzera», eta, horregatik, uztailaren 12an aldaketa sozialaren aldeko borroka erakundeetara eraman eta aldaketa politikoa bultzatu behar dela uste du LABek.