Langileek erretiroa hartzeko adina atzeratzea, kotizatu beharreko urte kopurua igotzea eta halako neurriak «onartezinak» direla salatu zuten atzo LABeko Pentsiodunen Arloko ordezkariek. Espainiako zenbait erakundek asteotan aipatutako Gizarte Segurantzaren erreforma proposamenak «lotsagarriak» direla esan zuen Bea Martxueta sindikatuko Gizarte Politikako arduradunak. Izan ere, enpresek ordaindu beharreko kotizazioak jaisteko eskatzen duten bitartean, «Euskal Herriko pentsiodunek, batez bestez, 800 euro jasotzen dituzte, eta asko 600 eurorekin bizi dira».
Banku pribatuen mesederako zerbitzu pribatuen alde egiten duten politikoen jarrera «larria» dela esan zuen Martxuetak, horretarako «gastu soziala murrizten dutelako». Horren haritik, Euskal Herriko gizarte zerbitzu publikoen baliabideak «eskasak» eta dauden beharrei aurre egiteko nahikoak ez direla esan zuen, «mendekotasunari lotutako zerbitzuetan, batez ere».
Administrazioei, bestetik, «pentsioak bermatu behar» dituztela gogorarazi zien LABek, are gehiago «finantza erakundeak salbatzeko dirua erabiltzen dutenean».
Zerga biltzeak behera egin du
Gizarte Segurantza eta zerbitzu publikoak bermatu ahal izateko, «ezinbestez», zerga politika aldatu beharra dagoela esan zuen Rafa Izquierdo LABeko Politika Ekonomikoetako idazkariak. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan foru aldundiek bildutako zergen datuak «kezkagarriak» direla azaldu zuen. Martxora bitarte, %9,3 jaitsi da zerga biltzea EAEn, eta, Izquierdok adierazi zuenez, «2008an ere %6tik gorako jaitsiera egon zela azpimarratu beharra» dago.
Administrazioek biltzen ez duten dirua gastatzerik ez dutela esan zuen LAB kideak, eta, horregatik, zerga politika aldatzeko eskatzeko kalera aterako direla iragarri zuten Helduen eta Pentsiodunen Arlokoek. Hegoaldeko hiriburuetan egingo dituzte elkarretaratzeak, maiatzaren 12an, aldundien egoitzen aurrean. Horrez gain, maiatzaren 21eko greba babestu zuten atzo.
LABentzat «lotsagarriak» dira Gizarte Segurantza aldatzeko proposamenak
Sindikatuak protestak egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan zerga politika salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu