Laboral Kutxak nabarmendu du 2019. urtea 2018. urtearen oso antzekoa izan dela, oso behean jarraitzen duelako Euriborrak, eta horrek zaildu egiten duelako finantza erakundeen ohiko jarduna: bezeroen dirua jasotzea, eta haiei ematen dizkieten interesak baino gehiago kobratzea maileguak nahi dituztenei.
Interes tasa oso apaleko garai bati batu zaio ekonomiaren moteltzea, baina, hala ere, emaitzak hobetzea lortu du Mondragon taldeko kreditu kooperatibak. Horrela, sozietate zergan hamasei milioi euro ordaindu ondoren (+%9), 137,7 milioi euro irabazi ditu, 2018an baino %3 gehiago.
Jarduera komertziala handituta egin die aurre interes txikiei. Etxebizitzak erosteko mailegu berriek, hipotekek, %12,9 egin dute gora, eta enpresei emandako maileguek, berriz, %9. Kreditu horiei esker eta «altxortegi propioaren gestioaren ekarpenari» esker, interesen marjina %1,38 handitu ahal izan du, ia 250 milioi euroraino.
Diru sarreren aldetik, gora egin du komisioen ekarpenak ere (+2,6), aseguru negozioaren eskutik batez ere.
Gastuen aldetik, ia 3,5 milioi euro txikitu ditu administrazio eta amortizazio gastuak (-%1,4), eta diru gutxiago jarri behar izan du mailegu ustelak hornitzeko (-%6,4).
Berankortasuna, behera
Maileguen berankortasuna txikitzeko urrats handia egin du Laboral Kutxak, urtebetean %17,2 txikitu baititu zalantzazko maileguak. 2019. urtearen amaieran, kredituen %3,73 ziren zalantzazkoak; sektore osoarenak, berriz, %4,99 dira.
Bere lehiakide gehienak baino hobeto dago kapital aldetik ere. Horrela, urtearen bukaeran %20,17ko kapitala zuen, CET1 fully loaded ratioan neurtuta. Kapitala «modu organikoan» sortzen jarraitzen du Laboral Kutxak —2019an, 1,41 puntu handitu da—. «Kaudimen maila lehiakideena baino hobea da orokorrean, eta gainbegiralearen eskakizunak aise betetzen ditu».
Gora egin du Laboral Kutxak kudeatutako aurrezkiak. Guztira, 23.590 milioi euro gestionatzen ditu, 2018 amaieran baino %8,1 gehiago. Bezeroen gordailuak %7,9 handitu dira, eta Laboral Kutxak kudeatzen dituen inbertsio funtsak, berriz, %11,9.