Enpresak

Laboral Kutxak 145 milioi jarriko ditu ekonomia sozialerako

Europako Inbertsio Funtsaren bermea jaso du, eta sektore horretako 5.000 enpresari baino gehiagori lagundu asmo die.

Laboral Kutxa. LABORAL KUTXAKO OSCAR MUGERZA ETA CRISTINA DUMITRESCU EUROPAKO INBERTSIO FUNTSEKO KIDEA
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 14a
14:38
Entzun

Europako Inbertsio Funtsak (EIF) berme bat eman dio Laboral Kutxari 145 milioi eurorainoko maileguak eman ditzan, ekonomia sozialeko enpresak laguntzeko. Babes horri esker, 5.000tik gora enpresari eman ahal izango die finantzaketa, «oso baldintza onetan». Enpresek 7,5 milioi eurorainoko finantzaketa jaso ahal izango dute, eta ekintzaile sozialek eta mikroenpresek, berriz, 50.000 eurorainoko mikrokredituak.

«Oso sektore dinamikoa da, pertsonen bizitza eraldatzeko ahalmen handia duena. Eragin sakona eta zuzena izan dezaketen arren, mikroenpresek eta enpresa sozialek zailtasunak izaten dituzte finantzaketa lortzeko. Horregatik guretzat pozgarria da Laboral Kutxarekin dugun lankidetza zabaltzea», azaldu du Marjut Falkstedt EIFko zuzendari nagusiak.

Akordioa Europako Batasunaren Invest EUren Inbertsio eta Gaitasun Sozialen Programaren barruan egin da. Programa horren helburua da ekonomia sozialeko enpresetan enplegua sortzea eta sendotzea, eta aurreikusten du 372.000 milioi euro mobilizatzea EBn 2021etik 2027rako aldian.

EIFk eta Laborak Kutxak hamar urte daramatzate lankidetzan. Denbora horretan, 15.000tik gora mikroenpresak eta enpresa sozialek jaso dute laguntza, eta 24.000 lanpostu baino gehiago sortu dira.

Oscar Mugerza Laboral Kutxako Enpresen Negozio Garapeneko zuzendariak nabarmendu duenez, EIFren esku hartzeak babesa ematen die bankuak ekonomia soziala eta ekintzailetza sustatzeko egiten dituen ahaleginei: «Abal lerro berri hauei esker, berretsi egiten dugu banka beste modu batean egiteko bokazioa dugula: gehien behar duten pertsonei eta enpresei lagunduz eta gizarte inklusiboago eta kohesionatuagoa lortzen lagunduz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.