Laboral Kutxak 222 milioi euro irabazi zituen iaz, %48 gehiago

Tasak igotzeak mesede egin dio kreditu kooperatibaren ohiko negozioari; eutsi egin die hipotekei eta maileguei.

LABORAL KUTXA
Laboral Kutxaren egoitza nagusia, Arrasaten. LABORAL KUTXA
Irune Lasa.
2024ko otsailaren 19a
11:45
Entzun

Inflazioari aurre egiteko interes tasen igoerak iaz bultzada handia eman zien Laboral Kutxaren datuei. 2023. urtea 222,7 milioi euroren irabaziekin itxi du entitateak; hau da, iaz baino %48 gehiago irabazi du.

Emaitza horretarako iturri nagusia ohiko banku negozioa izan dela azaldu du Laboral Kutxak, hots, aurrezkia eta kreditua lotzen dituzten diru sarrera errepikakorrak. Komisioetako sarreratan ere igoera izan du kreditu kooperatibak (+%3,98), «bezeroek nahiago izan dituztelako aurrezki inbertsioko produktuak».

Aurrezkiari begira, urte amaieran 29.205 milioi eurorenak izan dira Laboral Kutxak kudeatutako bezeroen baliabideak (+%2,71) . Behera egin dute kontu, aurrezki kontu eta eperako gordailuek, eta orotara txikitu egin dira (-%3,11), baina, epe finkoko gordailuentzako sariak berreskuratu direnean, haiek gorakada handia izan dute (+%130).

Eta gora egin dute inbertsio funtsek ere. %35,73ra iritsi da haien ondarearen hazkundea. Haietarako ekarpen garbiak sektoreko guztien %6 izatea erdietsi du Laboral Kutxak. Gorakada izan dute erretirorako aurrezteko produktuek ere —BGAEak, pentsio planak...—, %9,10ekoa.

Hipotekek, gora

Interes tasa handiek, hori bai, kreditua jo dute. Hala, %1,39 egin du behera Laboral Kutxak erregistratutako kreditu inbertsioak, 14.989 milioi eurora. Dena den, kooperatibak azaldu duenez, «ehuneko hori hobea da estatuko finantza sektoreko kreditu gordinaren bilakaera orokorra baino».

Hipoteketan, hala ere, emaitzei eutsi die Laboral Kutxak. Hipoteka mailegu gehiago formalizatu ditu, eta mailegatutako bolumenak %37,4 egin du gora.

Aseguruen negozioarekin, berriz, ia 40 milioi euro irabazi ditu Laboral Kutxak: 2022an baino %11 gehiago.

esg finantzaketa

Kreditu inbertsioan, Laboral Kutxak bere guztizko saldo biziaren %46,4 (ia 7.000 milioi euro) jartzen ditu ESG ingurumen eta gizarte irizpideen arabera jasangarritzat jotzen diren finantzaketarako. Kooperatibaren arabera, «horren barruan izaera soziala da nagusi: arrazoizko prezioko etxebizitzak, enpresa ertain eta txikiak, kooperatibak, udalerri txikietako jarduerak, estatuz azpiko finantzaketa publikoa eta abar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.