Laboral Kutxak ere ongi eutsi dio koronabirusaren krisiaren lehen zatiari. Urteko lehen erdian irabaziak izan ditu (46 milioi) , nahiz eta badaezpada 25 milioi baztertu dituen, krisiaren ondorioz bezero batzuek maileguak itzultzeko izan ditzaketen arazoak estaltzeko. Edonola ere, Mondragon taldeko kreditu kooperatibak azpimarratu du ez zuela horniduren beharrik, oraingoz mailegatutako dirua berreskuratzeko arazorik ez duelako izan. Are gehiago, maileguen berankortasuna zortzi ehunen jaitsi du, %3,65eraino.
Azken urteetan bezala, Laboral Kutxak ohartarazi du garai zailean daudela bankuak, interes tasak zerotik oso gertu daudelako. «Krisialdiak eraldatze prozesuan murgilduta harrapatu du finantza sektorea, baita emaitzak lortzeko egoera ahulean ere». Testuingurua hori izanik ere, dirua irabazteko gai da. Azken bi urteetan, 130 milioi eurotik gora irabazi ditu, baina aurten nekez iritsiko da kopuru horietara, urteko lehen sei hilabeteetan mozkina %40 jaitsi baitzaio, eta urtearen bigarren erdia zaila izango baita ekonomiarentzat.
Interes tasak oso txikiak izan arren, haiek emandako irabazi tartea %1,6 handitu ahal izan du, 124 milioi euroraino. «Likideziaren kudeaketa egokiak» ez ezik, maileguen ugaritzeak azaltzen du igoera hori. Izan ere, koronabirusaren krisiari aurre egiteko kredituak eskatu dituzte merkataritza sektoreak eta enpresek. 2019ko lehen erdiarekin alderatuta, hirukoiztu egin da mailegu berrien eskaria. Ondorioz, 14.663 milioi euro mailegatuak zituen ekainaren amaieran Laboral Kutxak, urtebete lehenago baino %8,2 gehiago. Batez ere, enpresa txikiei eta ertainei emandako kreditua handitu da (+%27,9), baina baita negozio txikiei eta autonomoei emandakoa ere (+%15,6). Partikularrei utzitako diruan ez da aldaketa handirik izan azken urtean (+%0,3). Hipoteka maileguetan emandakoa %5,7 handitu da, baina azken hilabeteetan amildu egin dira kontsumorako kredituak (-%15,4).
Aurrezkia
Kontsumoa jaitsi ahala handitu da aurrezkia. Gaur egun, 25.247 milioi euro kudeatzen ditu Laboral Kutxak, urte hasieran baino %7 gehiago, eta duela urtebete baino %10,1 gehiago.
Azken sei hilabeteetako irabaziek handitu egingo dute Laboral Kutxaren kaudimena. Azken seihilekoko emaitzak zenbatu gabe, %19,65eko kapitala zuen, CET1 ratioaren arabera neurtuta. Lehiakideenaren gainetik dago kopuru hori. Kutxabankek, esaterako, %17,2koa duela esan zuen joan den astean, eta hura ere handienetakoa da. Kutxabankek berak 137 milioi irabazi ditu, horniduretarako 187 milioi jarri arren.