Finantzak

Laboral Kutxaren irabaziak %5,2 igo dira, negozioa txikitu arren

Iaz baino mailegu gehiago eman ditu kreditu kooperatibak.

Iker Aranburu.
2015eko maiatzaren 11
12:20
Entzun

Interes txikiko epeek ez lukete onak izan behar finantza erakundeentzat, tarte gutxi geratzen zaielako beren negozio arrunta egiteko —dirua mailegatzea haiek ordaindu behar dutena baino interes handiago batean—. Europako Banku Zentralaren diru politikaren ondorioz, inoiz baino maila txikiagoan daude interesak, eta horrek ondorioa izan du Laboral Kutxaren emaitzetan. Urteko lehen hiruhilekoan 77,7 milioi euroren marjina lortu du eman dituen maileguen truke, 2014ko lehen hiruhilekoan baino %16,1 gutxiago.

Hala ere, bere irabazi garbia %5,2 handitzea lortu du, 33,9 milioi eurora arte. Hobekuntza hori batez ere horniduren jaitsiera handiari zor dio: iaz 35,4 milioi baztertu behar zituen mailegu ustelak edo berankorrak estaltzeko; aurten, berriz, ia 13 milioi euro gutxiago: 22 miilioi (-%35,7). Berankortasun tasa handia da oraindik ere (%8,44), baina jaisten ari da, eta bere lehiakideena baino nabarmen hobea da (%12,59, 2015eko otsailean).

Urtearen lehen hiru hilabeteetako beste ezaugarri bat da maileguen eskariak handitzen jarraitzen duela. 2014ko bigarren erdian hasi ziren eskaerak igotzen eta bankuak eskua zabaltzen. Aurtengo urtarriletik martxora joera hori bizkortu egin da: hipoteka maileguak %66 hazi dira iazko epealdi horrekin alderatuta, %54 enpresei emandako kredituak, eta %29, berriz, kontsumorako kredituak. Edonola ere, amortizazioak oraindik handiagoak dira kreditu berriak baino: iaztik hona %5,13 jaitsi da Mondragon taldeko kutxak mailegatuta daukan diru kopuru osoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.