"Hau ez da amaiera: hasiera da". Felix Bariain UAGN laborantza sindikatuko presidenteak manifestazio amaieran ohartarazpen argi bat egin dio Espainiako Gobernuari, hark Nafarroan duen ordezkaritzaren egoitzaren aurrean. «Gaurko mobilizazioa baketsua izan da, baina, hau zuzentzen ez bada, Nafarroako abeltzain eta nekazariak ez gara aterako errepideetatik». Haren alboan, traktore baten gainera igota, duintasuna eskatu du Jose Maria Martinezek, UCAN Nafarroako nekazaritza eta elikagai kooperatiben elkarteko lehendakariak: «Oso gutxi eskatzen dugu: jatorrian salneurri duinak izatea. Berdin zaigu nork duen errua, baina ilusioa eman behar diegu gure gazte laborariei».
Bi elkarteok deitu dute gaurko mobilizaziora, eta, Bariainen hitzetan, «historikoa» izan da. Gogora ekarri du 1984ko urtarrilaren 19an Tafallan lehen sektoreak egindako manifestazio erraldoia, eta erantsi du aurreratzean ere gogoratuko dela 2020an Iruñeko kaleak bete zituztela. Gaur eguerdiko mobilizazioan, nekazari eta abeltzainek Iruñeko kaleak bete dituzte.
Bi zutabe osatu dira, 11:30ean. Bata, Iruñe hegoaldean, Sadar futbol zelatitik gora, berrehun traktorek baino gehiagok Zaragozako etorbidea bete dute, baita trafikoa eten ere. Bidea egin dute hiri erdigunean dagoen Espainiako Gobernuaren egoitzaraino, klaxonak etengabe joz. Bigarrenik, San Domingo kalean, sanferminetan entzierroa hasi ohi den tokian, bigarren manifestazioari ekin diote laborariek, eta ehunka lagun elkartu dira, 2.000 eta 3.000 artean. Estafeta kalearen 500 metroak bete dituzte osorik. Entzierroaren antzezpen horretan, San Domingon, santuari kantatu diote laborarien defentsan irten dadin.
Manifestazioak ordubete inguru iraun du. Buruan, bi elkarteetako ordezkariek gazteleraz oso mezu adierazgarria zeraman kartel bati heldu diote: «Nekazari eta abeltzainik gabe, nork emango dizu jaten?».Halaber, hainbat lagunek beste hainbeste mezutako kartelak izan dituzte esku artean: «Landagunea borrokan, inork entzuten al du?», «Nahikoa da miseria ereitetik», «Prezio hauekin landaguneak eta abeltzaintzak porrot egingo dute», «Abeltzaintza eta nekazaritza gabe, elikagairik ez».
Manifestazio hasieran eta bukaeran antzeko mezuak eman dituzte Felix Bariain eta Jose Maria Martinezek. UCANeko ordezkariak gogorarazi du sektoreak «itxaropena» behar duela, eta «ilusioa banatu» behar dela sektorearen alde apustu egiten duten gazteen artean Azken hamabost urteetan, Nafarroako laborari eta abeltzainen kopurua ia erdira murriztu da, eta oso gutxi dira lehen sektorearen alde egiten duten gazteak. «Nafarroan, 30 urtetik beherako 78 laborari baino ez daude, eta guztiz argigarria da datu hori», azaldu du Bariainek. «Herriak bizirik nahi badituzte, abeltzain eta nekazari eta guzti, alda daitezela azken 40 urteetako politikak. Berrogei urtez, alderdi guztiek agindu dute hala foru gobernuan nola gobernu zentralean, baina ez dute ezertxo ere egin».
Jatorrian kobratzen dutena «duela 30 urte bezala» dagoela gogorarazi dute, eta kostuek, aldiz, nabarmen gora egin dutela. Halaber, salatu dute herritarrak barazki, fruitu eta abeltzainen produktuen truke ordaintzen duten prezioa eurek jaso halako hiru, lau edo bost dela. Elikagaien hornidura katean bidezko banaketa izatea eskatzen dute, funtsean. «Atzo, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak zioen gobernua estutu behar genuela. Bai, guk estutzen dugu, baina ez dakit ohartzen den bera dela presidenteordea eta neurriak hartu behar direla. Egoera hori zuzendu egin behar da», adierazi du Bariainek.