ELB sindikatuko laborariek ekintza sinbolikoa egin dute Baionako suprefetura aitzinean, laborarien mozkinetan gutxieneko prezio bat finka dezatela eskatzeko. Zurezko taula batzuen bidez, zoladura bat muntatu dute Frantziako Estatuko ordezkaritzako atean, Zoru prezioak=irabazi duinak leloa zekarren pankarta bat eskegita.
Peio Irikin ELBko kideak adierazi du laborarien lansaria %40 apaldu dela azken 30 urteetan, «nagusiki gastuek gora egin baitute». Energiaren kostuaren emendatzea da hor arrazoi nagusia, %30 inguru emendatu baita; makinak %36 garestitu dira; zerbitzuak, %75. «Gure mozkinen prezioa, haatik, ez da sekula aldatu. Ez da posible horrela segitzea», deitoratu du. «Denbora berean, laborantzako elikagaien industriak irabazi erraldoiak izan ditu: 2023tik 2024ra, 3.000 milioitik 7.000 milioira goratu dira haien irabaziak».
Beste datu bat ere eman du Irikinek: laborarien %18 pobrezia heinaren azpitik bizi dira gaur egun. «Orain eta berehala, ekoizpenen prezioak hobeki banatu behar dira denen artean».
Lege baten beharra
Apiril hasieran, lege proposamen bat bozkatu zuten Frantziako Asanblean laborarientzat gutxieneko prezioak ezartzeko, baina ekainean legebiltzarra desegin zuen Emmanuel Macron presidenteak. Ordutik ez da ezer aitzinatu. Ibilbide parlamentarioan aitzina egin, eta lege proposamena Senatuan aurkeztu dezatela eskatu dute ELBko kideek.
Horren alde egin du Peio Dufau EH Baiko diputatuak ere. Erran du Annie Genevard Frantziako Laborantza ministroarengana joko duela. «Iñaki Etxaniz eta Collette Capdeviellekin bultzada bat eman nahi diogu. Politikoki denak ados dira laborarien alde; errazki bozkatzen ahal litzateke, eta lehenbailehen plantan ezarri».
Macronek berak Parisko nekazaritza azokan egindako adierazpenak zabaldu ditu ELBk suprefetura aitzinean. Halako lege neurriak behar zirela erran zuen Frantziako presidenteak, eta hori bultzatuko zuela. «Badira hilabeteak bozkatu zela, eta ez da deus gertatu ondotik. Gu hor gara hori berriz mahai gainean ezartzeko».