Laguntza publikoak amaitzear direla, auto salmentak ia %60 handitu dira

Diru publikoaren bukaerak eta BEZaren igoerak merkatua amilduko dutela uste dute saltzaileek

Iker Aranburu.
Donostia
2010eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Auto zaharra bota eta berria erosteko laguntzak amaitzeko zorian daudela, igoera ikusgarria izan dute matrikulazioek Hego Euskal Herrian. Guztira, 6.292 automatrikulatu dira, joan den urteko martxoan baino 2.354 gehiago (%59,7). Urtea hasi zenetik 15.469 auto berri saldu dituzte, 2009ko lehen hiru hilabeteotan baino %34,5 gehiago.

Datuek erakusten dute auto berria erostera animatu direla ehunka lagun, Espainiako Gobernuak emandako laguntzak bukatzen ari direla zabaldu ondoren. Bezero oldea hain handia izanik, baliteke azken asteotan saldutako hainbat auto laguntzarik gabe geratzea, kontzesionario batzuek zegokien kuota gainditu egin dutelako. Diru laguntzak jasotzeko zailtasunek traba handiak eragin dizkietela salatu dute behin eta berriro auto saltzaileek.

Nafarroan, Prever planak ez du iraungitze datarik, Iruñeko gobernuak bere aldetik dirua jartzen jarraitzeko asmoa duelako. Eusko Jaurlaritzak esan du ez duela plana luzatuko, bultzada beharrean dauden beste zenbait sektore ez «diskriminatzeko».

Nafarroan hazi da merkatua gehien: %72,9 martxoan, eta %48 urteko lehen hiru hilabeteotan. Salmentak, dagoeneko, 2008ko mailara iritsi dira. Beste hiru lurraldeetan ere oso igoera handia izan dute matrikulazioek: %65,6 Araban, %56,5 Bizkaian eta %50,1 Gipuzkoan. Hiruretan %30eko bueltan hazi da merkatua aurten.

Ohikoa denez, Renault da markarik salduena Hego Euskal Herrian: 1.800 auto saldu ditu urtarriletik martxora bitartean, matrikulatutakoen %11,6. Citro- enek (1.431) eusten dio bigarren postuari, eta gora egin dute Opelek (1.355) eta Volkswagenek (1.324). Sailkapenean atzera egin dute Peugeotek (1.153) eta Fordek (1.116). Nissanek Toyota aurreratu du, Qashqai modeloaren arrakasta handiari esker.

Luzapena eskatu dute

Espainian ere inoizko hazkunderik handiena izan du merkatuak, urte batetik bestera %63,1 hazi baitira salmentak. Baina datu hori «ameskeria hutsa» dela ohartarazi du Juan Antonio Sanchez Torres, Ganvam auto saltokien patronaleko presidenteak, diru laguntza publikoen amaierari eta BEZ zergaren igoerari -uztailaren 1ean %16tik %18ra igoko zaie autoei- zor zaielako. Sanchez Torresen arabera, «ekaitz perfektua» da laguntzen amaiera zergen igoerarekin bat egitea, autoak egun batetik bestera 2.500 euro garestitzeak ekarriko baitu. Ganvamek eskatu dio Espainiako Gobernuari 2000E Plana beste aldi baterako luzatzeko. «Hala egiten ez badu, merkatua 1990eko lehen urteetako mailara itzuliko da».

Urteko lehen bederatzi hilabeteotan 144.000 eroslek eskatu dituzte diru laguntzak, eta Madrilgo gobernuak agindutako ehun milioi eurotik 70 milioi baino gehiago gastatu dituzte jada. Laguntzarik gabe, urteko bigarren erdian 100.000 auto gutxiago salduko direla eta 10.000 lanpostu galduko direla kalkulatu du Ganvamek. Krisia hasi zenetik kontzesionario txiki eta ertainen %10 desagertu dira, eta 30.000 enplegu galdu. Ganvamek nabarmendu du autogintza sektore estrategikoa dela Espainian, barne produktu gordinaren %5, enpleguaren %10 eta esportazioen %24 dakarrelako.

Anfac eraikitzaileen patronalak, berriz, ziurtatu du 2000E planak ingurumenari ere on egiten diola, auto berriek txatarrera botatakoek baino gutxiago kutsatzen dutelako. Anfacen arabera, maiatzetik hona 15 urtetik gorako 200.000 ibilgailuk zirkulatzeari utzi diote.

Frantzian ere gora

Beste merkatu batzuetan ere gorantz doa auto salmenta. Frantzian eta Ipar Euskal Herrian 242.763 auto saldu dira, iazko martxoan baino %17,9 gehiago. Frantziako Gobernuak ere laguntza ematen die auto berria erosten dutenei.

Laguntza publikorik gabe berreskuratzen ari da orain AEBetako merkatua, eta martxoan %24,3 hazi da. Toyotaren salmentak igo dira gehien (%40,7), marka japoniarrak eskaintza bereziak egin dituelako, bere modelo batzuek izandako akatsek egindako kaltea berreskuratze aldera. Horiei esker, ia-ia markarik salduena izan da Toyota: 186.863 kotxe saldu ditu, eta 188.011 General Motorsek. Azken horrek ere hilabete ona izan zuen, mantenduko dituen lau marken salmentek %43 egin zutelako gora. Pontiacen eta Saturnen biltegiak ia hustear daude.



Renaultek, Nissanek etaDaimlerrek akzioak erosiko dizkiote elkarri

Kostuak gutxitzeko elkarlana sustatzeko asmoa dute Renaultek, Nissanek eta Daimlerrek. Reuters agentziaren arabera, bihar egingo dute iragarpena, Renaulten administrazio kontseiluaren ostean. Elkarrekin lan egiteko lehen urrats gisa, hiru autogileek akzioak erosiko dizkiote elkarri.

Automobilen industria kontzentrazio garaian dago, auto eta teknologia berriak garatu ahal izatekokostu handiak partekatu nahi dituztelako. Daimlerren ikurra Mercedes Benz da, eta arazo latzak ditu Smart txikia errentagarri egiteko. Renault eta Nissan, berriz, aliatu izan dira azken hamaika urteotan, eta auto txikietan eta noranahikoetan aritzen dira batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.