Auto saltzaileek uztailaren hasieran ikusitako argi printzek hilabete osoa argitu dute. Laguntza publikoen bitartez, auto berrien salmenta biziberritu egin da amaitu berri den uztailean. Guztira, 5.735 auto matrikulatu dira, iazko uztailean baino 1.377 gehiago (+%31,6).
Urtearen bilakaera oso negatiboa da oraindik ere, merkatua heren bat txikitu baita: 20.013 saldu dira, iazko 31.157en aldean (-%35,7).
Eusko Jaurlaritzak jarri zituen lehenik indarrean auto berriak erosteko laguntzak, eta ondoren iritsi ziren Espainiako Gobernuarenak. Hasieran esandakoaren aurka, laguntzak bateragarriak dira, eta horrela milaka euro aurreztu ahal izan dituzte erosleek. Uztaileko datuetan argi ageri da Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan bilakaera hobea izan dela (+%34) Nafarroan (+%21) eta Espainian baino (+%1).
Motor garbiagoen arrakasta
Laguntza handienak motor alternatiboak dituztenek jasotzen dituzte, eta horiexek egin dute saltorik handiena salmentetan. Uztailean, motor hibridoak, elektrikoak eta gas bidezkoak dituzten 1.328 auto matrikulatu dituzte, iazko hilabete horretan baino 849 gehiago. Hau da, salmentak ia-ia hirukoiztu egin dira (+%177). Horri esker, atal horretako ibilgailuak dira 2020an joera positiboa duten bakarrak, %21,6 gehiago saldu baitira. Horrenbestez, haien merkatu kuota inoizko handiena da: %23 uztailean, eta %20 2020an.
Gaur egun beren eremuan dauden lantegietan errekuntza motorreko autoak guztiz nagusi diren arren, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erabaki dute gasolioa eta gasolina erretzen duten autoak ere diruz laguntzea. 800 eta 4.000 euro artean jaso ditzakete. Laguntza hori salmentetan antzeman da: gasolina bidezko autoen matrikulazioa %11,9 handitu da, eta gasolio bidezkoak, berriz, %18,9.
Gasolina erabiliena, baina kuota galtzen
Motor alternatiboen hedapena gasolina bidezko autoen kontura iristen ari da. Iaz, %65,6ko merkatu kuota izan zuen gasolinak Hego Euskal Herrian, eta %57,6 aurtengo lehen zazpi hilabeteetan.
Dieselaren gainbehera ez da eten, baina moteldu dela dirudi: saldutako auto berrien %23,7 izan ziren iaz, eta %22,3 izan da aurten. XX. mendearen hasierako urteetan erabateko nagusitasuna lortu zuten diesel motorrek, eta 2011n jo zuten goia, hamarretik zazpiz motor hori baitzuten. Iaz %32ra jaitsi zuten kuota.