Laguntza publikorik gabe

Hegoaldeko bankuek eta kutxek ziurtatu dute euren kasa lortuko dutela ezarri zaizkien hornidura berriak betetzeko diruaFinantza sektore osoak 25.000 milioi euro baino gehiago gorde beharko ditu

Ivan Santamaria.
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Asteburua kalkulagailuari josita igaro dute finantza erakundeetako zuzendariek. Eraikuntzako aktibo ustez osasuntsuen estaldura handitzera behartu zituen Espainiako Ekonomia Ministerioak ostiralean, eta atzo arteko epea eman zien erreformak izango duen eragina kalkulatu eta jakinarazteko. Bankuek eta kreditu kooperatibek agindua bete dute. Hego Euskal Herrian egoitza dutenek, behintzat, guztiek ziurtatu dute laguntza publikorik jaso gabe aurrera egiteko gai direla.

Kutxabankek 855 milioi euro gordin gorde beharko ditu, 616 milioi garbi. Erreformak orain arte atzerapenik ez zuen eraikuntza kredituari eragiten dio, eta bereziki zigortzen ditu kontuetan lurzoru edo hipoteka bermerik gabeko maileguak dituzten erakundeak. Kutxaren eta Vitalen bereziki indartsuak ziren faktore horiek. Bietan arriskurik gabeko kredituak ziren nagusi (%56 Kutxa eta %68 Vital), eta bietan pisu handia zuten lurzoruak eta hipotekarik gabekoak (%59 Kutxan eta %65 Vitalen).

BBK-k, aldiz, higiezin kredituko ehun eurotik 70 arriskutsutzat sailkatuta zeuzkan jadanik, CajaSurren herentzia pozoituaren ondorioz. Kutxabanken duen partetik aparte, bere aktiboen hornidura estaltzeko beste 109 milioi jarri beharko ditu BBK Bankek. Edonola ere, bankuak adierazi du arazorik ez duela izango eskatutakoa betetzeko, CNMV ikuskatzaileari atzo igorritako oharrean. Ziurtatu du galerarik eta diru publikorik gabe lortuko duela. Kaudimen egoera ona — oinarrizko kapitalaren ratioa %11 da—, estaldura orokorrak eta irabaziak sortzeko gaitasuna aipatu zituen, argudio modura.

Espainiako Gobernuak finantza sistemari jarritako baldintzak kritikatu zituen Carlos Agirrek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak. Haren ustez, baldintzak «gehiegizkoak» dira, eta iradoki zuen Kutxabanki dimentsio handiagoa izatera behartuko dutela agian. «Ez dut uste laburrera begira egoerak mugimendu azkarrak eskatzen dituenik, baina baliteke finantza kaudimen horren beharrak oraingoz ezezagunak zaizkidan mugimendu batzuk eragitea». Oraingoz, CatalunyaBanc erosteko enkantearen lehen fasean eskaintza ez-loteslea aurkeztu du Mario Fernandezek zuzentzen duen bankuak.

BBVAri dagokionez, 1.800 milioi gordin bideratu beharko ditu hornidurak handitzeko. Diru gehien, 800 milioi euro, lurzoarekin lotutako kredituak estaltzeko izango da. Emaitzetan 1.300 milioi euro garbikoa izango da eragina. Dena den, urtea amaitu baino lehen hornidura lortzea espero du bankuak, eta, oinarrizko kapital maila hamarren batzuk jaitsiko bazaio ere, azaldu du ez duela kapital arazorik izango. Dibidendu politika ere ez du aldatuko.

Erakunde txikiagoek ere ez dute Guindos ministroaren dekretu berria gainditzeko arazo handirik espero. Hala da kreditu kooperatiben kasuan. Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak euren emaitzetatik aterako dute dirua, eta euren bateratzearekin aurrera jarraituko dute. Euskadiko Kutxak 49 milioi behar ditu, eta 43 milioi Ipar Kutxak. Biek oinarrizko kapital ratioak lasaitasuna bermatzen diela nabarmendu dute. Bestalde, Nafarroako Rural Kutxak 70 milioi euro garbi jarriko ditu.

BFA-Bankiaren zuloa

Finantza sistema osoak 25.000 milioi euro inguru gorde beharko ditu orain. Oro har, irabazietatik, aktiboen salmentatik edo martxan dauden bateratze prozesuetatik eskatzen zaien dirua aterako dutela agindu dute banku gehienek. Puntu ilunena gaur egun nazionalizatuta dauden erakundeetan dago. Hornidurarik handiena BFA-Bankiak bete beharko du: 4.800 milioi euro dira, kontuan izanik lehendik beste 4.500 milioi baliatu dituela gobernuak erakundearen kontrola hartzeko. Eskaera handiak dituzte CatalunyaBancek (995 milioi), NGC Bancok (1.109 milioi), eta Banco de Valenciak ere (509 milioi). Egoera horrek, ziur asko, garestitu egingo du horien salmenta bideratzeko abiatu diren enkanteak.

Halaber, zalantzak sortu ditu banku bihurtutako kutxa ertainen egoerak. BMNk, esaterako, aintzat hartu ditu laguntza publikoak, «azken aukera» gisa izan bada ere. Liberbank, Unicaja eta Ibercajaren bateratzeak bultzatzen ari da gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.