Sindikatu abertzaleen eta bazterketaren kontrako taldeen kritika piztu du gizarte laguntzak jaso ahal izateko betebeharrak gogortzeko PSE-EEk eta PPk hitzartu duten aldaketak. Pertsona behartsuenak babesik gabe utziko dituela, baztertua izateko arriskua handituko duela eta, Eusko Jaurlaritzak esandakoaren aurka, benetako murrizketa gogorra dela salatu dute, besteak beste.
Gizarte babeserako sisteman «atzerapauso larria» dela nabarmendu zuen ELA sindikatuak, prentsa ohar baten bidez. «Desberdintasun eta bereizketa handiagoa sortuko duen neurria da, eta babeserako sistematik kanporatuko ditu gutxien dutenak». Besteak beste, etorkinei kalte egingo diela uste du ELAk, eta horrek ondorioak izango dituela. «Okerrago biziko dira, eta horrek baztertzea eta gatazka egoerak ugarituko ditu».
Araba, Bizkai edo Gipuzkoako udalerriren batean hiru urtez erroldatuta egon beharko da gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta eta osagarriak kobratu ahal izateko. Bestela, bost urteko lan ibilbidea frogatu beharko da, Gizarte Segurantzaren paper ofizialekin. Baldintzak gogortzeari esker, onuradunen artean ustez dagoen iruzurra «amaituko» dela esan dute PSE-EEk eta PPk.
Biztanle geroz eta gehiago mugatu eta bazterrean uzten dituzten murrizketak direla uste du LABek, eta erabakiak ez duela iruzurrarekin inolako zerikusirik. «Zentzugabea da pentsatzea laguntza eskas horiekin bizitzea nahiago duen jendea badagoela. Arazoa da kalitatezko enplegurik ez dagoela, ez besterik».
Mobilizazioa Bilbon
Diru sarrerak bermatzeko legea moldatzearen kontra elkarretaratzea antolatu zuten hainbat elkartek atzo, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Betebehar zorrotzagoak ezartzearekin ez dela iruzurra mugatuko salatu zuten, eta uste dute arautu gabeko enplegua handituko dutela. Elkartzen, Berri-Otxoak, Gazteriaren Kontseilua, Argilan edo SOS Arrazakeriak babestu zuten deialdia, besteak beste.
Laguntzak gogortzeko akordioak kritika ugari piztu ditu
Gizarte babeserako sisteman atzerapauso eta murrizketa handia dela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu