Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten herritarrak kontratatzen dituzten enpresentzat laguntzak iragarri ditu Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak, Efe berri agentziari emandako elkarrizketa batean. Ez du laguntza horien inguruko xehetasun askorik eman, soilik legealdia bukatu aurretik jarriko dituztela indarrean. Zabaletaren arabera, Lanbidek emandako prestakuntza jasotzen ari direnei lan munduan sartzen laguntzeko balioko du horrek.
Lan sailburua kezkatuta azaldu da diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenetako asko gazteak direlako. Eta datu esanguratsuak eman ditu; esatera baterako, errenta hori jasotzen dutenen %38k 40 urte baino gutxiago dituzte. Nabarmendu duBizkaian errenta hori jasotzen duten hamar herritarretik lauk bost urtez baino gehiagoz jasotzen dutela eta hamarretik bik hamar urtez baino gehiagoz jasotzen dutela.
LABen kritikak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2.000tik gora herritarri diru sarrerak bermatzeko errenta kendu izanaz ere mintzatu da Zabaleta. Esan du 2009ko maiatzaz geroztik errenta hori 18.000 herritar gehiagori ematen diola Eusko Jaurlaritzak, hilean 13 milioi euro eta urtean 398 milioi euro bideratzen dituela horretara. «Eusko Jaurlaritzak historian gizarte laguntzetan egin duen inbertsiorik handiena da». Horregatik, nabarmendu du sekula baino garrantzi handiagoa dutela langabe horiek lan munduan sartzeko ekinbideek eta gizarte laguntzetan dagoen iruzurrari jazartzeak.
LAB sindikatuak gogor kritikatu du Zabaletaren eta Lanbideren jarrera, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen kontra «mobbing» egiten ari direla iritzita. Onartezintzat jo du herritar horien guztien atzetik ibiltzea iruzur egiten ari diren ustearekin, «ezkutuko ekonomiatik datorren iruzurra BPGaren %20ren parekoa denean edo 20.000 milioi euroko zerga iruzurra egiten dela dakigunean».
Laguntzak, Lanbideren errenta jasotzen dutenak lanean hartzeagatik
Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen %40k 38 urte baino gutxiago dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu