Lan Gatazkak

Laminaciones Arreguiko langileek diote itxieraren mehatxua ez dela amaitu

Zuzendaritzak iragarritakoa bete du: zortzi behargin kaleratu ditu. Batzordea Jaurlaritzarekin bilduko da asteazkenean.

Kaleratzeak salatzeko protesta egin dute langileek Gasteizko lantegiaren aurrean, goizean. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2020ko otsailaren 27a
13:32
Entzun

Mehatxua bete egin da. Iragan abenduan iragarri bezala, zortzi langile kaleratu ditu Celsa Atlantic-eko zuzendaritzak –garai batean Laminaciones Arregui– , arrazoi ekonomikoak argudiatuta. Langile batzordeak kaleratzeak salatu ditu, eta adierazi du lantegien itxieraren mehatxua oraindik ez dela amaitu. «Zortzi izan dira, baina gehiago izan daitezke aurrerantzean», ohartarazi du David Garciak, langile batzordeko lehendakariak. 

Kaleratzeak egiteko modua gaitzetsi du langile batzordeak; izan ere, zuzendaritzak oraingoan ez du aurkeztu erregulazio txostenik, kaleratutakoak langileen %10 baino gutxiago direlako. «Erregulazio txostena aurkeztu izan balu, balizko epaiketa bati egin beharko lioke aurre. Eta enpresa beldur da berriz ere porrot egiteko». Hain zuzen, Garciak adierazi du zortzi behargin horiek 2012an eta 2015ean ere kaleratu zituztela, baina auzitegiek berriz hartzera behartu zutela enpresa, eta horregatik bota dituztela modu horretan.

Langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte kaleratzeak salatzeko. Asteko bi egunetan bi orduko lanuzteak egiten ari dira hil hasieratik, eta beste egun bat gehituko dute datorren astetik aurrera. Horrez gain, bide judizialari ere ekingo diote: salaketak aurkeztuko dituzte beharginek, modu indibidualean. Langileek adierazi dute Celsa Atlantic-en Arabako bi lantegien itxieraren mehatxua ez dela amaitu; kaleratze gehiagoren beldur dira. «Zuzendaritzak dio ez dituela langile gehiago kaleratuko, baina ez digu ziurtasunik eman. Beraz, baliteke orain erabilitako formula bera erabiltzea 90 egun barru behargin gehiago botatzeko».

Jaurlaritzarekin bilera

Joan den astean bilera bat egiteko eskatu zioten langileek Eusko Jaurlaritzari. Bada, eskaerak jaso du erantzuna: asteazkenean bilduko dira Industria Sailarekin. Beste erakunde eta alderdi politiko batzuekin ere hitz egiteko asmoa iragarri du Garciak, halaber. Lantegien bideragarritasuna bermatzeko neurriak eskatuko dizkiete. «Enpresak ez du etorkizuneko planik, ez dute asmorik inbertsio gehiago egiteko, ezta produktuak dibertsifikatzeko nahirik ere. Eraikuntzarako hodiak egiten ditugu, eta sektorearen egoera ikusita, gauzak aldatu ezean, gure egoera ere ez da aldatuko: okerrera joango da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.