Laminacionesek beste 84 langile bota ahal izateko baimena lortu nahi du

ELAk uste du «mendekua» dela, langileak berriro hartzea exijitzen duen epaia ez betetzeko.Lantaldea merkatura egokitu behar duela argudiatu du enpresak

Orain dela hiru urte lan gatazka hasi zenetik lanuzte eta mobilizazio ugari egin dituzte Laminaciones Arregiko langileek. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Laminaciones Arregui enpresako gatazkaren sokari beste korapilo gogor bat gehitu dio zuzendaritzak. Enpleguaren erregulaziorako eskaera aurkeztu du Gasteizko eta Urbinako lantegietako 84 langilerentzat. Kopuru hori du, hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren epai bati jarraituz zuzendaritzak berriro onartu beharko lukeen langile multzoak.

Enpresak idazki batean jakinarazi du langileak kaleratzeko edota kontratuak eteteko erregulazioa izango dela, baina ez du zehaztu zenbat izango diren eredu bakoitzean. Sindikatuen aburuz, ordea, Gorenaren epaiari ihes egin, eta onartu behar dituen 84 langile horiek kalean uzteko moduaren bila ari da enpresa.

Laster hiru urte beteko dira lan gatazka korapilatsua hasi zenetik. Laminaciones Arregui enpresaren jabeak, Celsa Atlantic Kataluniako multinazionalak, 91 langile kaleratu eta geratzen zirenen soldatak jaisteko nahiz baldintzak gogortzeko proposamena aurkeztu zuen, onartu berria zen lan erreformaren erraztasunak baliatuta. Gatazka tenkatu zen berehala, eta hordagoa bota zuen zuzendaritzak, 358 langilerentzako dosierra aurkeztuta.

Azkenean, kaleratzeen erdiak gauzatu zituen zuzendaritzak, eta ondoren, dosierra eten zuen, Arabak zituen bi lantegiak itxiko zituela iragarri arren. Hargatik, sindikatuek dosierra auzitara eraman zuten, eta bi aldiz arrazoia eman zieten epaileek. EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, lehenbizi, eta kasazio helegite bat dela medio, baita Espainiako Auzitegi Gorenean ere ondoren.

Gorenak, hasieran, 91 kaleratze jo zituen ontzat. Talde horretatik geratzen direnen geroa dago jokoan. Epaia bete eta laneratu beharrean, langile horiek trebakuntzan izan ditu enpresak azken hilabeteotan, eta orain dela bi aste, beste kaleratze kolektibo bat egiteko asmoa zuela iragarri zien Celsak sindikatuei.

ELAren ustez, dosier berri hori enpresaren «mendeku hutsa» da, langileek Auzitegi Gorenean irabazi zuten epaia bete behar ez izateko. «Negoziatzeko fede txarra duela eta galtzaile eskasa dela erakutsi du enpresako zuzendaritzak berriro», sindikatuaren ustez. Hala enpresari nola Sagardoy abokatu bulegoari «errebantxarako ezohiko grina» izatea egotzi die ELAk.

Negoziazioak zabalik

Sindikatuek jaso dute jada dosier berriaren memoria, eta aztertzen ari dira. Zuzendaritzak, berriz, lantokien antolakuntza moldatzeko prozesu baten barruan kokatu ditu kaleratze eta kontratu etete posibleak. «Merkatuaren eskaerara egokituta dagoen lantaldea izatea ahalbidetuko du, eta epe ertainera nahiz luzera begira industria jarduerari eustea bermatuko du», adierazi du Celsa Atlantic multinazionalak erregulazioari buruz.

Negoziazioaren bidez «irtenbiderik onena» lortu nahi duela ziurtatu du enpresak, halaber. Dosierraren edukiari buruz negoziatzeko, asko jota, 30 eguneko epea dute bi aldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.