Heldua da garaia laneko gaixotasunak aitortzeko oztopoei eta, batez ere, enpresen prebentzio zerbitzuen «trakeskeriari» aski dela esateko. Hala esan zuen atzo Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko Lan Osasuneko arduradunak, Malga prebentzio zerbitzuko mediku batek eraikuntzako behargin bati eginiko azterketaren txostena eskuan zuela. Sindikatuak salatu du agiriak ez duela jaso langilearen hipoakusia, ezta gortasuna lanak eragin dion susmorik: «Babestu behar denik ere ez diote esan».
Prebentzio zerbitzuek hipoakusia duten langileekin hala jokatzen dutela ikusita, «ez dut pentsatu ere egin nahi arnasbideetako gaixotasunekin zer egiten duten», esan zuen Uzkudunek. Horregatik, eritasun profesionalak ezkutatzen dituztenak zigor bidetik salatzea aztertuko dutela ziurtatu zuen CCOOko kideak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lanak eragindako 2.569 gaixotasun aitortu zituzten prebentzio zerbitzuek iaz, aurreko urtean baino 55 gehiago. Hazkunde txikia eman arren, aurten are gehiago aitortzea espero du sindikatuak, «gutxiago ezkutatzen dituztela esan nahiko baitu horrek».
Salaketak salaketa, Hego Euskal Herrian Espainian baino laneko eritasun gehiago aitortzen direla aitortu zuen Uzkudunek: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 345 langiletik bat, Nafarroan 180tik bat eta Espainian, berriz, 1.080 langiletik bat.
Euskadiko CCOOk, bestetik, kanpaina bereziak iragarri ditu laneko eritasun jakin batzuk—karpoko kanala deritzona eta silikosia— ezkutatu egiten direla salatzeko. Karpoko kanalari dagokionez, medikuei gaixotasun arrunt gisa hartzea leporatu zieten, «lanean errepikatzen diren keinuekin lotura zuzena» badu ere. Hala, Uzkudunek deitoratu zuen ez dela prebentzio neurririkhartzen aitortzen ez diren laneko gaixotasunak saihesteko.
Azarora arteko istripuak
Iazko lan istripuen datuen berri emateko, agerraldia egin zuen sindikatuko lan osasuneko buruak, sindikatuak ezbehar eta gaixotasun profesionalen azterketa eta jarraipena egiteko sortu berri duen batzordeko kideekin batera. Osalanek emandako emaitzak iazko azarora arte gertatutako istripuenak direla zehaztu zuten.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 80.943 lan istripu gertatu ziren 2010eko azarora bitarte: 34.973 arin, 225 larri eta 39 hilgarri. Hartara, 2009ko epe berean baino 6.800 ezbehar gutxiago gertatu ziren iaz. Jarduera gutxitu dela aintzat hartuta, Uzkudunentzat kopuru «onartezina» da 2010ekoa. Istripu hilgarrien artean, gainera, hamarretik bi in itinire izan zirela nabarmendu zuen. Prebentzio neurriak, beraz, horren arabera egiteko eskatu zuen.
Osalanek, bestetik, Prebentziorako Fundazioa sortu eta bere funtsetik, Euskadiko CCOOk 245.017 euro «gardentasunez eta eraginkortasunez» kudeatuko dituela jakinarazi zuten.
Lan eritasunak ezkutatzea zigor epaitegietan salatzeko aukera aztertzen ari da CCOO
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iaz izandako lan istripuen kopurua «onartezina» da, Jesus Uzkudunen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu