UGT eta CCOO ez dira Espainiako Gobernuarekin hizketan hasiko, hark lan erreforma bertan behera lagatzen ez duen artean. Hala adierazi zuten atzo, irailaren 29ko greba orokorra aztertzeko egin zuten batzarraren ostean. Mobilizazioak ere iragarri dituzte, Espainiako Gobernuari presio egin nahi baitiote, azkenaldian egiten ari den politika ekonomikoa alde batera utz dezan. Eta, horrez gain, idatzi bateratu bat kaleratzekoak direla jakinarazi dute bi sindikatuek. Idatzi horretan argi esango ei dute politika egiteko beste modu bat badagoela.
Toni Ferrer UGT ekintza sindikaleko idazkariaren hitzetan, dokumentua prest izango dute hil hau bukatzerako, eta irailaren 29ko grebaren osteko egoeraren azterketa sakona egingo dute han. Bi sindikatuek atzoko batzarrean zehaztu zituzten datozen hilabeteetarako sindikatuen lan lerroak. Eta Ferrerrek aurreratu zuenez, mobilizazioak erabiliko dituzte Espainiako Gobernuari presio egiteko tresna gisa. Dena dela, oraindik ez dute ekimen zehatzik iragarri.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea kritikatzeko beta ere hartu zuen Ferrerrek. Ez du ulertzen nola esan dezakeen lan erreformaren araudia sindikatuekin negoziatzeko prest dagoela, jakinda sindikatuak erreforma horren aurka daudela. «Araudiek ezin ditzakete legeak aldatu». Gainera, Zapaterok «negoziatzeko esparru» gisa aurkezten duen hori, haren betebeharra dela dio, behartuta dagoelako sindikatuei kontsulta egitera.
Ferrerren irudiko, ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak langileen eskubideetan egindako murrizketak ezeztatzea, «eta horretarako ez da nahikoa Lan ministro berri bat izendatzea».
Lan erreforma atzera botatzea, hizketan hasteko baldintza
UGTk eta CCOOk mobilizazioak iragarri dituzte, Espainiako Gobernuari presio egiten jarraitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu