Lan erreforma bere kabuz egingo duela ohartarazi du Corbachok

Patronalak eta sindikatuek orain arte ez dute akordiorik lortu Espainiako gizarte elkarrizketan

Erredakzioa
2009ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gizarte elkarrizketari buruz zuen ikuspuntua aldatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Orain arte patronalaren eta sindikatuen oniritzia izan ezean ez zuela alde bakarreko erabakirik hartuko esan du Zapatero presidenteak. Atzo, ordea, neurriak bere kasa abiatzeko aukera plazaratu zuen Celestino Corbacho Lan ministroak. «Herritarren interesen alde gobernatuko dugu», ohartarazi zuen irratian egindako elkarrizketa batean.

Asteazken gauean Espainiako sindikatu nagusiak eta patronala afari batean elkartu zituen Zapaterok, Moncloan. Bilkura horretan ez zuten aurrerapausorik eman, eta oraindik ez dago akordiorik. Abuztua baino lehen gizarte elkarrizketaren fruituak jaso eta itun bat sinatzea zen Espainiako Gobernuaren helburua, baina zail jarri da.

Enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkioten kuotak bost puntu jaistea galdegin du CEOE patronalak. Gizarte Segurantza bera kolokan jarri gabe halako aldaketa bat ez dela bideragarria uste du Lan Ministerioak. Asko jota, 1,5 puntu jaistea onartuko du: puntu erdi bat betiko eta beste puntu bat soilik 2010erako.

Patronalaren eskaintza

Arazoak arazo, beste ahalegin bat egin du CEOEk. Arratsaldean,hamasei orrialdeko idatzi bat bidali zion Zapaterori. Agirian, «akordiorako puntu asko» zeudela iragarri zuen Jose Maria Lacasak, CEOEko idazkari nagusiak. Gizarte kotizazioak jaisteko proposamen zehatzik ez, ordea. Enpresaburuek kotizazioen jaitsiera 2,5 edo 3 puntukoa izan dadin prest daudela ziurtatu zuen Arturo Fernandezek, CEOEko presidenteordeak. Gizarte elkarrizketan akordioak egon daitezen «egiturazko erreformak» adostea ezinbestekoa dela ohartarazi zuen, baina, hala ere, abuztua iritsi baino lehen «zerbait» sinatu nahi dutela azpimarratu zuen.

Sindikatuei dagokienez, oraindik ez dutela CEOEren azken eskaintza jaso adierazi zuen Ramon Gorriz CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkariak. Gizarte elkarrizketak aurrera jarraitzeko baldintza patronalaren eskaerak «bideragarriak» izatea da, Gorrizen aburuz.

Enpleguaren kontra joko duen eta kaleratzea merkatuko duen neurririk ez proposatzeko aholkua eman zion Toni Ferrer UGTko Ekintza Sindikaleko idazkariak CEOEri. Enpresaburuen ordezkariek jarrera «arrazoizkoak» izatea espero du.

PPk, IUk eta CiUk gizarte elkarrizketaren emaitza eskasak kritikatu eta esku hartzeko eskatu zioten Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.