Lan erreformak ez duela kaleratze ordaina jaitsiko ziurtatu du Madrilek

«Enplegua izango da garrantzitsuena, ez kaleratzea», adierazi du Jose Manuel Soria Industria ministroak

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Lan merkatuaren erreformak ez duela kaleratze kalte-ordaina murriztuko ziurtatu du Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak. Patronalaren eta sindikatu nagusiei akordio bat lortzeko eman zien epea agortu eta gero, dekretua bere kasa prestatzeari ekin dio Mariano Raxoiren kabineteak.

Kaleratzeari eman beharreko tratua izan da, besteak beste, CEOEren, UGTren eta CCOOren arteko elkarrizketak emaitzarik gabe utzi dituen auzietako bat. Kontratu oso malgua exijitu dute enpresaburuek, gehienez ere hogei lan jardunaldiko ordaina izango zuena langilea bidaliz gero. Ohiko kontratu finkoetan 45 lan eguneko ordaina dago, eta kontratazio mugagabea sustatzeko kontratuetan 33 lan egun dira.

Azken hitza Lan ministerioak izango du, baina atzo beste departamendu batetik, Industriatik, kaleratzeari buruz mintzatu zen Jose Manuel Soria ministroak. Kalte-ordaina jaitsiko duten edo ez zuzenean galdetu zioten TVE telebistan egin zioten elkarrizketan, eta asmo hori dutenik ukatu zuen erabat. «Gauza bat da enpresaburuek esaten dutena eta beste bat gobernuak egingo duena; lan erreforman garrantzitsuena enplegua izango da, ez kaleratzea», zehaztu zuen Soriak.

Ez da patronalak proposatu duen aldaketari bizkarra eman dion lehen buruzagi popularra. Cristobal Montoro Ogasun ministroak ere CEOEk eskatutakoaren gisako «krisi kontratua» ez dutela onartuko esan du. Horren ordez, kontratazio mugagabea sustatzeko kontratuaren erabilera hedatzen ahaleginduko direla aurreratu du.

Enpleguaren egonkortasunaren aldeko apustua egingo dela eta negoziazio kolektiboaren izaera berrituko dutela iragarri zuen Soriak. Oraingoz, lan erreforma prestatzen jarraitzen du Lan Ministerioak. Ez du oraingoz aurkezteko eperik ezarri, baina, edonola ere, urteko lehen hiruhilekoa amaitu aurretik moldaketa martxan egotea da Raxoi presidentearen borondatea.

Toxo, kezkatuta

«Lehenbailehen» bilerara deitzeko eskatu dio Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkariak gobernuari. Bilera horretan nolako erreforma nahi duen argitzeko exijitu dio. Garaiz kanpoko erreforma batek egoera ekonomikoa okertu dezakeela uste du Toxok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.