Lan erreformarekin, langileak gaixoaldia hartzeko beldur

LABek eta CCOOk protestak egingo dituzte Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Egunaren harira

Erredakzioa
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Kaleratuko dituzten beldur, langileek gaixoaldiak hartzeari utzi diotela ohartarazi dute LABek eta Euskadiko CCOOk. Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna izango da larunbatean. Hainbat protestaren bidez, lan erreformak langileen osasunari ere kalte egiten diola salatuko dute bi sindikatuek.

Ostiralean egingo ditu protestak LABek, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: Donostian, 10:30ean,Pio XII.etik hasita;Bilbon, 11:00etan, Confebasken aurrean; Iruñean, 12:00etan, Gaztelu plazan; eta Gasteizen, 12:30eanAndre Mari Zuriaren plazan.

Ibon Zubiela LABeko lan segurtasunerako arduradunaren esanetan, langabezian geratu direnen nahiz lanean ari direnen osasuna okertuko da. «Enplegua galtzen dutenek antsietatea, depresioa, lo egiteko arazoak eta nerbio sistemako gorabeherak izaten dituzte, eta psikofarmakoen kontsumoa handitzen da», adierazi du. Era berean, jateko ohitura txarrak ugaritzen direla, mendekotasunetan erortzea errazten dela eta suizidioen kopuruak gora egiten duela gaineratu du. Lanean ari direnen kasuan, lan erreformak kaleratzeak errazten dituenez, Zubielak dio beldurrez daudela langileak. «Gaixo egon arren, lanera joatendira. Istripu gehiago gertatuko dira, eta elkar gaixotuko dute langileek».

Sindikatuarentzat, «eskandaluzkoa» da Euskal Herrian laneko gaixotasunei «aitorpenik ez egitea». Azaldu du Europako Batasunean lan istripuz hiltzen den langile bakoitzeko hemezortzi hiltzen direla laneko gaixotasunengatik. «Euskal Herrian, parametro hori alderantziz da». LABen arabera, «modu bakarra» dago egoera aldatzeko. «Lan harremanetarako euskal esparrua eratu behar dugu, gure lan harremanak arautzeko».

CCOO, mutualitateen kontra

Gaixoaldien kopurua «nabarmen» jaitsi dela esan du Jesus Uzkudunek ere, CCOOko lan osasunerako arduradunak. «Eta ez langileak gutxiago gaixotzen direlako, kaleratuko dituzten beldur direlako baizik».

Aurtengo Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunean, mutualitateen lana gaitzetsiko du batez ere sindikatuak. Mobilizazioak egingo ditu haien egoitzen eta Administrazioaren aurrean. «Patronalen kontrolpean aritzen dira, eta laneko gaixotasunen jatorria ezkutatzen saiatzen dira, haien kostuak eta tratamenduak Osakidetzara desbideratuta». Uzkudunek azaldu du 2010. urtean Osakidetzak 108 milioi gastatu zituela laneko gaixotasunengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.