«Beste plan industrial bat lantzeko beharra» azpimarratu zuen Navaleko langileen batzordeko presidente Miguel Angel Asporosak atzo. Ezinbestekoa iritzi zion «hutsetik negoziatzeari», eta penatuta agertu zen Europako Batzordeko Lehiarako komisario Mario Montik bere egin duelako SEPIren (Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea) egitasmoa.
Bruselako bileraren emaitza «gazi-gozoez» hitz egin zuen. Asporosaren irudiko, «pozgarria da» EBk legez kanpoko diru laguntzak itzultzeko epea luzatu izana. «Aitzitik, kezkatuta gaude Montik ontzat eman duelako SEPIren industria plana».Asporosak adierazi zuen «alde bien gustuko egitasmo batean» adostu beharko direla SEPI eta sindikatuak, gatazka konponduko badute. «Publikoa izaten jarraitu behar dute ontziolek».
Hitzarmena egingo dute Jaurlaritzak eta langileek
Naval salbatzeko indarrak bildu gura dituzte beharginek eta, ildo horretatik, Asporosa eta langileen batzordeko beste ordezkariak Jaurlaritzako Lan, Industria eta Gizarte Gaietarako sailburuekin bilduko dira gaur Bilbon. Iragan astean adostutakoak izenpetuko dituzte.
Ordea, talde politiko guztiak ez datoz bat euskal erakundeen esku-hartze mailarekin. AuBk (Autodeterminaziorako Bilgunea) Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaori eskatu dio «hitz politetatik ekintzetara» pasatzeko. «Konpromiso zehatzak hartzeko», finean. AUBko eledunek «premiazko neurriei» buruzko idazkia aurkeztu zuten atzo Foru Aldundian. Diotenez, «funtsezkoa da ausart jokatzea».Aldundiak, «beste euskal erakundeekin batera, bere gain hartu beharko luke Naval», AUBren ustez.Bestalde, EB-Berdeak taldeak SEPIri eta, bide batez, Espainiako Gobernuari leporatu dio Europako Batzordearen aurrean «men egitea». «Jarrita geratu dira eta Lehiarako Komisarioaren agindu guztiak zintzotasunez betetzeko prest daude».
LAN GATAZKA. Penatuta daude Navalen, Montik bat egin duelako SEPIren industria egitasmoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu