Lan Harremanen Kontseiluko iraileko txostenaren arabera, blokeo egoeran jarraitzen du negoziazio kolektiboak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Irailean sinatutako sektorekako hitzarmen bakarra Arabako elikaduraren merkataritzakoa izan da, 1.873 pertsonari dagokiena. Enpresako 19 itun ere izenpetu ziren (1.038 langile), eta Espainian sinatutakoa izanagatik, hiru lurraldeetako 1.425 langilerengan eragina izango duen Iberdrolako hitzarmena ere.
Horrenbestez, langileen heren batek soilik ditu eguneratuta bere lan baldintzak. Lan hitzarmena berritzeko zain daude langileen %48,2 (264.332 langile) eta iraungita dute, berriz, %18,1ek (99.283 langile).
Aurten 178 lan hitzarmen baizik ez dira sinatu: 129 hiru lurraldeetan, eta hemengo langileei zuzenean eragiten dieten Espainiako beste 49 itun. Horietatik gehientsuenak enpresako itunak dira (152 guztira); sektorekako negoziazio kolektiboak soilik zazpi itun eman ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 19 Espainian.
Guztira, 60.000 langilera ez da iristen hitzarmen horiei esker lan baldintzak berritu ahal izan dituztenen kopurua. Beste 125.000 langilek aurreko urteetan sinatutako hitzarmenen babesa dute.
Aurten berritutako hitzarmenetan oso soldata igoera apalak onartu dituzte langileek: %0,82 EAEn sinatutakoetan eta %0,62 Espainian sinatutakoetan. Sektoreko hitzarmenetan soldata igoera handiagoa hitzartu dute (%0,75) enpresakoetan baino (%0,59).
Taldekako kaleratze gutxiago
Negoziazio kolektiboak baino bilakaera positiboagoa du lan merkatuak, oraindik oso berri txarrak ematen baditu ere —Aernnovak 150 langile arte kalera botatzeko asmoa duela berretsi du—. Lan erregulazio espedienteen jaitsiera nabarmena izan da. Urtea hasi denetik 526 dosier aurkeztu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, krisiaren aurreko urteotan ohikoagoak ziren kopuruak. 6.096 langileri eragin diete, eta horietatik 724k galdu dute enplegua, 4.300ek aldi baterako eten diete kontratua eta beste 1.072ri lanaldia txikitu diete.
Irailean 41 erregulazio dosier jaso ditu Eusko Jaurlaritzak, 241 langileri eragin dietenak.