LAB sindikatuak egindako azterketa baten arabera, Nafarroako langileen erdiei baino gehiagori neurri batean eragiten die negoziazio kolektiboaren estatalizazioak: Gizarte Segurantzan 216.000 langile daude izena emanda Erregimen Orokorrean, eta horietatik 120.000 ingururi eragiten die estatalizazioak. LABek zehaztu du prozesu horrek neurri desberdinak dituela.
Gaur goizean, azterketa horren datuak ezagutarazi dituzte Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak. Datuon arabera, 2012an lan erreforma ezarri aurretik hogei sektoretan erreferentzia gisa zuten estatu hitzarmena, eta 25.000 langileri eragiten zien (besteak beste, elikagai industria, zahar etxeak, bankuak, saltoki handiak, kimika, irakaskuntza pribatua...).
Zenbait enpresatan, batik bat tamaina ertain edo handietan, estatukoa hobetzen duen enpresa hitzarmena izan ohi dute. Hala ere, LABeko ordezkariek salatu dutenez, negoziazio horretan estatu hitzarmena baliatzen dute lan baldintzak beherantz presio egiteko, eta, sindikatuek ituna berritu nahi ez izatekotan, estatukoa aplikatzeko mehatxua erabili ohi dute.
Lan erreformaren eragina
Lan erreforma ezarriz geroztik, hiru lurralde hitzarmen estatu arloko itunekin ordezkatu dituzte, eta 4.000 langile nafarri eragin die egoera horrek. Sektoreaz gain, beste hainbat mehatxupean daudela salatu du LABek: "Ez badira berritzen, estatu hitzarmen batekin ordezkatuko dituzte".
Lurralde arloko beste hitzarmen batzuk indarrean badaude ere, estatu mailako hitzarmenek "zapaltzen" dituztela kritikatu LABek ere, eta egoera horrek 61.500 langileri eragiten diela jakinarazi du. Kasuotan estatalizazio prozesua progresiboki ezartzen ari direla dio sindikatuak, hainbat gai maila autonomikoan negoziatzeko debekua ezarrita: "Epe motzean ez du sakoneko aldaketarik ekartzen, baina estatu mailako hitzarmena osotasunean inposatzeko bide bat izan daiteke". Metalgintza, eraikuntza eta garbiketen sektoreko langileei eragiten die.
Halaber, LABek sektore publikoko 30.000 langileak aipatu ditu. "Besteak beste, ordezkapen tasa eta gastuaren arauaren ondorioz, langileria kontratatu eta egonkortzeko, zerbitzuak publifikatzeako edota lan baldintzak hobetzeko oztopo ugari ezartzen ditu Espainiako Estatuak". LABek gogora ekarri du Nafarroako Gobernuarekin lan baldintzak hobetzeko aukeraz hitz egin denean ohiko erantzuna izan ohi dela "Madrilek ez du uzten".