Lan istripu bat gertatzen da sei minutuan behin

Lan istripuen kopurua jaitsi da, baina LABek dio krisiagatik gertatu dela, ez lan baldintzak hobetu direlako

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Lan arloan gertatzen diren istripuek 2010etik 2011ra bitartean %8,6 egin dute behera Hego Euskal Herrian. Baina, jaitsierak jaitsiera, sei minutuan behin lan istripu bat gertatzen da, eta ezbehar horien ondorioz lau egunean behin langile batek bizia galtzen du. LAB sindikatuak uste du pozgarria dela lan istripuak gutxitzea, baina «poztasun mingotsa» da. «Lan istripuak ez baitira gutxitu langileen lan baldintzak hobetu direlako, kapitalismoaren krisialdi sistematikoaren ondorioz baizik», Ibon Zubiela sindikatuko osasun arloko ordezkariaren hitzetan.

Guztira, 89.381 istripu jazo ziren joan zen urtean, eta, horien ondorioz, 81 langile hil ziren, eta 293 larri zauritu. Ezbehar horien %75,5 eraikuntzan eta industrian gertatu ziren. Era berean, istripuen %27,5 leku garaietatik jausita izan ziren; %30, zintzilikatutako zamak erortzearen ondorioz gertatu ziren, eta %25,5 istripu harrapaketengatik. Eusko Jaurlaritzak Lotu izeneko kanpaina bat jarri zuen martxan 2010. urtean, eraikuntzan istripuan gutxitzeko asmoarekin, eta langileak erorikoen inguruan sentsibilizatzeko. Oihan Ostolaza LAB sindikatuko Lan Osasuneko ordezkariak salatu duenez, ordea, administrazioek «edukirik gabeko kanpainekin ezkutatu nahi dute ez daukatela benetako politikarik».

Soka horretan azpikontratazioak ere badu korapiloa, LABen ustez. Iaz lan istripua izan zuten lau langiletik batek azpikontratatuta lan egiten zuen. «Gobernua eta patronala bat datoz nahi duten harremanen ereduan», Ostolazaren hitzetan, eta ildo horretan kontratazioak egiteko modu horri egotzi dio arazoaren zamaren zati bat. Bestea, prekarietateari. Kontratu horien ondorioz, «enpresek presioa egiten diete langileei, gaixo agiria eska ez dezaten».

«Ez daude diren guztiak»

Lan istripuei dagokien datuak biltzeko garaian, Osalanek eta Nafarroako Lan Osasun Institutuaren iturrietara jo du LABek iazko balorazioa egiteko. Baina bertan bildutako datuak ez dutela errealitatea islatzen salatu du.Izan ere, «Gizarte Segurantzan afiliatu gabeko langile asko kanpoan uzten baitituzte, hala nolaezkutuko ekonomian diharduten etxeko langileak», Zubielaren esanetan. Horietaz gain, Euskal Herrian gertatutako istripu batzuetako datuak ere ez dituzte aintzat hartu, kaltetua atzerritarra zen kasuetan, hain zuzen ere.

Hori guztia kontuan hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Osalanek zenbatu dituen 66 heriotzetatik istripu batzuk aintzat hartu gabe geratu direla adierazi dute sindikatuko ordezkariek, hala nola Santurtzin hildako etxeko langilea, AHTko lanetan gertatutakoa, Bilboko metrokoa, edo Abadiñoko (Bizkaia) Estampaciones Metalicas enpresan jazotakoa.

Sindikatuen arabera, 2010ean lan istripuetan hildakoen datuetan %30eko aldea dago sindikatuen eta erakundeen artean. Beraz, galdera hau egin dute LABeko ordezkariek: «Zenbat istripu gertatzen dira berez? Zenbatetan ez dira jakinarazi?».

Laneko gaixotasunek, gora

LABek balorazio positiboa egin du iaz lan gaixotasun gehiago erregistratu zirelako aurreko urteekin alderatuta. 2010ean, Hego Euskal Herrian, lanak eragindako gaixotasunen 4.292 kasu bildu zituzten; iaz, berriz, 5.052 erregistratu ziren. Baina, berez, gaixotasun profesional gehiago daudela salatu du sindikatuak. Hori erakusteko, Europako Batasuneko datuak erabili ditu: lan istripuek eragiten duten heriotza bakoitzeko, laneko gaixotasunek 18 hildako sortzen dituzte. «Euskal Herrian, parametroa alderantzizkoa da, ez baita bat bera ere erregistratzen», Ostolazaren hitzetan.

Sindikatuak ordea, azken lau urteetan soilik amiantoak hildako pertsonen kopurua eman du. 2008tik 2011ra bitartean, denera, 68 pertsona hil dira amiantoak eragindako gaixotasunen ondorioz. Horietako askori ez diete lan gaixotasunik onartu. «Baina heriotza horiek ez dira estatistika ofizialetan agertzen, egia ez delako jakin nahi, eta ezta errealitateari aurre egin nahi ere», Ostolazaren ustez. Horretarako, errealitateko arazoei irtenbidea bilatzeko, errealitatearen berri jakitea ezinbestekotzat jo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.