Lan istripuen aurkako politiketan akordioak lortzeko borondatea ez izatea egotzi dio CCOOk Eusko Jaurlaritzari. Josu Onaindi Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren arabera, Lan Sailak bere egin ditu ELAren eta LABen estrategiak, EAEko erakunde sozio-ekonomikoak auzitan jartzeraino.
CCOOko ordezkariek alde egin zuten Eusko Jaurlaritzarekin lan osasunari buruz izandako azken bileratik, eta «elkarrizketarako prest» egon arren, uneotan negoziazioak hautsita daude. «Ez diogu inori utziko gu erabiltzen elkarrizketaren [soziala] argazkia erakusteko», ohartu zuen atzo Onaindik. Haren arabera, azken bileran Lan Sailak uko egin zion enpresetan aurreikuspen agentea sortzeari, ELAren eta LABen oniritzirik ez zuen bitartean. Bi sindikatu abertzaleek uko egin diote bilera horretan egoteari.
CCOOk uste duenez, Joseba Azkarraga buru duen sailak bat egin du «negoziatu nahi ez dutenen» irizpideekin, eta erakunde sozio-ekonomikoak auzitan jartzen ari da, arrazoi politikoak direla eta. Sindikatu horrek ez du onartuko Jaurlaritzak «euskal erakundeak auzitan jartzea, Estatutua hila dagoela baloratu duelako».
Jesus Uzkudun CCOOko lan osasuneko arduradunak ere ELAren eta LABen «gatibu» izatea leporatu zion Jaurlaritzari.
Elkarretaratzea Laudion
Construcciones Metalicas Urialdeko langileek 24 orduko lanuztea egin zuten atzo Laudion (Araba), ostiralean F.B.P.M. lankidea lan istripuz hil zela salatzeko. Langilea, 32 urtekoa eta Trapagarangoa (Bizkaia), 15 tonako pieza batek azpian harrapatuta hil zen. Aurten gutxienez 90 lagun hil dira lanean Euskal Herrian.
UGTk eta LABek deituta, Construcciones Metalicas Urialdeko langileak lantegiaren kanpoan bildu ziren eguerdian. Sindikatuen arabera, segurtasun neurrien eta enpresa jardueren koordinazio faltak eragin zutenlangilearen heriotza. Osalanek ez du xehetasunik eman.
Lan istripuetan ELAren eta LABen atzetik joatea egotzi dio Onaindik Jaurlaritzari
Lan Saila erakunde sozioekonomikoak auzitan jartzen ari dela uste du Euskadiko CCOOko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu