Metalgintzako 110.000 langile greba egitera deitu dituzte gaur sindikatuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sindikatu guztiek egin dute deialdia; ELAk alde batetik, eta LAB, CCOO eta UGTk bestetik. Metalgintzakoez gain, ituna berritzeke eta galzorian duten beste sektoreetako langileak ere deitu dituzte mobilizaziora.
Bilbon izan dira LABeko, UGTko, CCOOko eta ESK-ko idazkari nagusiak. "Oker daude uste dutenek uztailaren 7tik aurrera lan hitzarmenak ezartzeari utziko diotela uste dutenek", esan dute. Izan ere, grebara deitu dute uztailaren 4rako, lan ituna galtzear dauden sektore eta enpresetan.
[Youtube]http://youtu.be/qZDWu8SUB8g[/Youtube]
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak hartu du hitza: "Negoziazio kolektibo gabe, eta lan harremanak erregularizatu gabe, patronalak badaki ekonomia kaltetzen ari dela". "Langileek indar guztiekin defendatuko dituzte hitzarmen kolektiboak eta, mobilizazio egun hauek eta etorriko direnek argi utziko diete hori enpresarien elkarteei", esan du Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak.
ELAko kideak Tolosan elkartu dira, 11:00etan, euripean, erreforma ”enpresetatik kanpo ateratzeko” borroka beharrezkoa dela esateko. LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k 12:00etan egingo dituzte martxa nagusiak hiriburuetan.
Unai Martinez ELAko metaleko arduradunak "oso positibotzat" jo du greba; "hogei enpresak sinatu dute ituna, erreforma baztertuta. Itun kolektiboak ez dira derrigorrez betetzeko gutxienekoak, erreferentzia baino ez dira. Ez du ELAk esaten, Rajoyk baizik”, azaldu du Martinezek.
Martinezen ustez, "patronala langileengana doa basatiki; 30 urteko borroka galtzekotan dago uztailaren 7tik aurrera. Une historikoa da hau, eta enpresetan antolatu eta borrokatzea baino ez da geratzen. Harro gaude Euskal Herrian dagoen lan gatazkaz”.
CCOOk, berriz, grebak jasotako "babes zabala" nabarmendu du, eta langileak patronalari ematen ari diren erantzuna "sendoa" dela gaineratu.
%14ko babesa Bizkaian, patronalaren arabera
Greba Bizkaian izaten ari den babesa %14koa da, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Elkarteak adierazi duenez. Halaber, elkarteak uste du piketeek langileei galarazi egin dietela lanpostura joatea; "edo, zuzenean, indarkeriaren bidez lantokitik bota dituzte", gaineratu du. Uztailaren 7a baino lehen akordio batera iristeko "borondatea" adierazi du elkarteak.
Gipuzkoako enpresarien elkarte Adegik, berriz, esan du "erabateko porrota" izan dela greba metalgintzan. Patronalaren datuen arabera, %20k babestu zuten greba astelehenean, %4k asteartean, %15ek asteazkenean, %1ek atzo eta %18k gaur.