Europako Batasuneko motor ekonomikoak, Alemaniak, gero eta zulo handiagoa du lan munduan. Estatistikaren Bulego Federalak atzo kaleratutako informazioaren arabera, urtarril amaieran 5,03 milioi alemaniar zeuden lanik gabe, aurreko urte amaieran baino 573.000 lagun gehiago. Langabezia tasa, berriz, %11tik %12,1era igo da.
Reuters berri agentziaren arabera, Adolf Hitler boterera iritsi zenetik, 1933tik, ez ditu bost milioi langabe izan Alemaniak. Hala ere, gerra osteko lehen urteetan daturik bildu ez zenez, Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez zuela hain datu txarrik bildu zabaldu zen atzo.Wolfgang Clement Enplegu ministro alemaniarrak onartu zuen errealitatea are okerragoa dela: «Bestalde, uneotan 1,4 eta 1,5 milioi pertsonak lana bilatzeko laguntza publikoen egitasmoetan izena eman dute. Horrek esan nahi du 6,5 milioi lagunek dituztela lan merkatura sartzeko arazoak, larriak zenbaitzuek. Hori kopuru handiegia da eta zifra hori murriztu beharra dugu». Gerhard Schroeder gobernuburuaren politikaren defizitik handiena bihurtu da langabezia. 1998an, Helmut Kohlen agintaldiaren amaieran, lau milioi langabe zeuden eta Schroederrek promes egin zuen kopuru hori erdira murriztuko zuela. Hala ere, Clementek lasai egoteko eskatu eta zifrok ez dutela izua eragin behar adierazi zuen. Enplegu ministroak gogorarazi zuen datu txarrok langabezia kalkulatzeko metodo berriaren ondorio direla. Urtarrilaren 1etik ezarri den Hartz IV izeneko lan erreformak, adibidez, lana topatzeko gai izan eta gizarte laguntza jasotzen dituztenak langabe gisa kontuan hartzen hasi da. Estatistika bulegoko iturrien arabera, 200.000 langabe gehiago zenbatu dituzte horrenbestez.Erreformak epe ertainera enplegu gehiago sortzea bultzatuko du; baina, era berean, hazkunde ekonomikoa suspertzen ez den bitartean arazoa ez dela nabarmen hobetuko iritzi dio Wolfgang Clementek.
LAN MERKATUA. Bost milioi alemaniar lanik gabe
Bigarren Mundu Gerratik izandako emaitzarik kaskarrena da, eta Gobernuak aitortu du beharbada gehiago direla oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu