Salbuespenik gabe, Hegoaldeko lau herrialdeetan gora egin du lanik gabe zeudenen proportzioak abendutik urtarrilera bitartean. Nafarroan handitu da gehien proportzioa. INEMen arabera, %6,49 langabe gehia-go daude herrialde horre-tan, 19.022 guztira. Langabezia tasa, beraz, %7,24raino iritsi da. Gipuzkoan eta Araban ere langabeziaren igoera nabarmena izan da. Lan bila ari zirenen kopurua %6,39 handitu da Araban. 613 langabe gehiago dira, 10.209 guztira, eta %6,67koa da langabezia tasa. Gipuzkoari dagokionez, berriz, %5,72raino iritsi da urtarrilean langabe-zia tasa, 21.406 lagun lan bila ari baitira. Abenduarekin alderatuta, 1.158 langabe gehiago dira.
Bizkaian ere langabeziak gora egin du, baina proportzioa apalagoa da. %3,47 gehiago dira langabeak, eta %8,24raino heldu da langabezia tasa. INEMen arabera, abenduan baino 1.448 langabe gehiago ziren urtarrilean, 43.226 guztira.
Iaz baino langabe gutxiago
Urtez urteko datuak alderatuz gero, ordea, alderantzizkoa gertatu da. 2004ko urtarrilean baino 3.729 langabe gutxiago izan dira aurtengo urtarrilean Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago 97.592 langabe zenbatu baitzituen INEMek. Kopurua %3,81 murriztu da.
Jaitsierarik nabarmenena Bizkaikoa izan da, aurreko hilabetean iazko urtarrilean baino %6,14 langabe gutxiago baitziren. 2.830 lagun gutxiago daude lanik gabe. Gipuzkoan ere, 2004ko urtarrilarekin alderatuta, apaldu egin da lan bila ari direnen proportzioa; %5,88 jaitsi da, zehazki. Araban eta Nafarroan, aldiz, 223 eta 216 lagun gehiago zeuden langabezian iragan hilabetean, hurrenez hurren.
Langabeen %58 emakumeak dira. 39.446 gizonezkoak dira, 54.417 emakumezkoak. Sektorekako banaketari dagokionez, Hego Euskal Herriko langabe gehienak eraikuntza alorrekoak dira, 56.000 inguru. Nekazaritza dago eraikuntzaren atzetik, 19.000 langabe baino gehiagorekin. Zerbitzuetakoak ziren 9.000 inguru eta industriakoak 7.500.Espainian 53.159 langabe gehiago ziren urtarrilean, 1.723.449 guztira. Beraz, langabezia tasa %8,92ra iritsi da.
«Ohiko hazkundea»
Jose Maria Roig Nafarroako Laneko zuzendari nagusiak ohartu zuenez, «urtarrilean emaitza kaskarra izan ohi da». Prestakuntza ikastaroak amaitzen direlako eta lehenengoz lan bila ari direnek posturik aurkitzen ez dutelako igotzen da langabezia tasa, azaldu zuenez. Langabezia handitzea berez txarra dela onartu zuen Roigk, baina Nafarroako langabezia tasa txikia dela azpimarratu zuen.
Gaineratu zuenez, 17.170 lan kontratu izenpetu zituzten urtarrilean Nafarroan, haietako %11,6 mugagabeak. Zifra hobetu daitekeela aitortu zuen.Loli Garciak, Euskadiko CCOOko Prestakuntzako eta Enpleguko arduradunak salatu zuenez, «ez gabiltza bide onean». Urtarrileko langabeziaren igoera iazko murrizketa baino handiagoa izan dela ohartu eta behin-behineko kontratuak gehiegi direla deitoratu zuen.«Lan prekarietatea» nagusi dela salatu zuen Javier Bermejo UGTko Ekintza Sindikaleko arduradunak. «Gai horrek lehentasuna izan beharko luke».
-
Datua
%9,33
Hego Euskal Herrian 80.822 lan kontratu izenpetu ziren aurreko hilabetean. Haietako %9,33 baino ez ziren mugagabeak; 7.544, zehazki. Nafarroan egin zen behin betiko kontratu gehien. Kontratuen %11,59 mugagabeak izan ziren. Izan ere, 1.991raino heldu zen kontratu mugagabeen zenbatekoa. Araban ere Hegoaldeko batez bestekoa baino behin betiko kontratu gehiago egin ziren. Kopuru osoaren %10,03 iraunkorrak ziren. Bizkaian 35.133 kontratu sinatu ziren eta iraunkorren proportzioa %8,63koa izan zen. Gipuzkoakoa izan zen daturik kaskarrena; behin betiko lan itunen proportzioa %8,2koa zen.