Lan merkatuaren erreforma indarrean denetik hilero hazi da langabezia Hegoaldean

9.300 langabe gehiagok izena eman dute enplegu zerbitzu publikoko bulegoetan; orotara ia 190.000 lagun daude lanik gabeAurreko bi urtarrilak okerragoak izan zirela nabarmendu dute Jaurlaritzak eta patronalak

Donostia
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Iazkoa urte txarra izan bazen, aurtengoa ez da hobeto hasi enpleguari dagokionez behintzat. Urtarrilean 9.296 langabe gehiagok izena eman dute Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoko bulegoetan, eta guztira 188.268 lagun daude lanik gabe, biztanle aktiboen %13,9, eta iazko urtarrilean baino 9.303 lagun gehiago (%5,2).

Egia da urtarrila sekula ez dela izan lana bilatzeko hilabeterik onena, besteren artean, urtearekin batera bukatu ohi direlako kontratu asko eta asko. Eta egia da aurreko bi urteak are okerrago hasi zirela ere: iazko urtarrilean 10.111 langabe gehiago zenbatu zituen INEMek; duela bi urte, berriz, 12.875. Baina hilabete bakarrean langabe kopurua %5,2 haztea kezkatzeko modukoa bada gutxienez; eta are gehiago irailaz geroztik lan merkatuaren erreforma indarrean dela kontuan hartuz gero. Izan ere, teorian enplegua sustatzeko egindako erreforma ez da Espainiako Gobernuak agindutako emaitzak izaten ari, indarrean denetik hilabetez hilabete etenik gabe handitu baita langabe kopurua.

Datuak herrialdeka hartuta ere, inor ez da libratzen oraingoan, baina bada alderik batetik bestera. Urtarrilean, Araban hazi da gehien langabe kopurua, %7,5 hain zuzen, eta dagoeneko 21.916 lagun dira lanik gabe daudenak, biztanle aktiboen %14. Gipuzkoan, 41.472 lagun daude langabeen zerrendan, abenduan baino %5,1 gehiago, eta %12tik gorakoa da langabezia tasa. Nafarroan, %4,9 handitu da langabeen zenbatekoa urteko lehen hilabetean; 45.150 dira lan bila dabiltzanak, eta %14,6koa da tasa. Bizkaian, berriz, ia 80.000 lagun dabiltza lan bila, abenduan baino%4,7 gehiago, eta %14,4koa da langabezia tasa.

Lau herrialdeetan, orotara, 73.788 lan kontratu sinatu dituzte urtarrilean; hamarretik bederatzi baino gehiago aldi baterakoak, %91,7 zehazki.

Sindikatuak, kezkatuta

ELA eta LAB sindikatuek oso balioespen ezkorra egin dute urtarrileko datuen inguruan. ELAren ustetan, enplegua eta gizarte babesa sustatzeko eta prekarietateari aurre egiteko politikek ez dute funtzionatzen, eta datuok dira horren erakusgarri. Lanik gabe daudenen egoera ere geroz eta okerragoa dela nabarmendu du sindikatuak. Haren esanetan, hamar langabetik seik baizik ez dute langabezia saria kobratzen, eta gainontzeko laurek ez dute inolako laguntzarik jasotzen.

LABen iritziko, urte hasiera ezin okerragoa izan da, eta horrek agerian uzten lan erreformaren eraginkortasunik eza. Gazteen egoera nabarmendu du sindikatuak, haiek direlako gizarte talderik kaltetuenetako bat. Urtarrilean ia %8 hazi da lanik gabe dauden gazteen kopurua Hego Euskal Herrian.

CCOOk ere txartzat jo ditu datuak, eta adierazi du seigarren hilabetez jarraian langabe kopurua hazi izana «sekulako arrazoia» dela lan merkatuaren erreforman atzera egiteko. Deigarria, kontuan izanez gero atzo goizean bertan CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek erreforma horretan gehiago sakondu behar dela dioen gizarte akordioa sinatu zutela Madrilen.

Confebaskek, berriz, uste du urte sasoiagatik hazi dela horrenbeste langabezia. Haren esanetan, behin Gabonetako kanpaina amaituta normala da langabe kopurua handitzea, batez ere zerbitzuen sektorean. Hala ere, aurtengo datuak aurreko bi urteetakoak baino hobeak izan direla azpimarratu du patronalak, eta horrek euskal lan merkatuaren egonkortasuna agerian uzten duela.

Patronalaren ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak ere datuen alderik baikorrena nabarmendu du. Hala, esan du krisia hasi aurreko zenbait urtetan ere aurtengo urtarrilean baino gehiago hazi zela langabezia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 2006an, %5,88, eta 2008an, %9,13.

Aralarrek, berriz, oso bestelako iritzia eman du. Haren irudiko, «alarmaren mugara» iritsi da langabe kopurua Hego Euskal Herrian. Eta arazoa konpontzeko ezinbestekotzat jo du politika ekonomikoen errotiko aldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.