Erreakzioak datuak bezain txarrak izan dira. «Ezbairik gabe, datu txarra da», aitortu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuorde Javier Ruizek, eta bi arrazoi eman ditu: «Zerbitzuetan sasoiko enpleguak amaitzeari gobernu zentralaren lan erreforma gehitu behar zaio; ez du emaitzarik ematen, eta, gure ustez, agerian utzi du berriz ere ez dela eraginkorra».
Lan araudiaren aldaketaren aurka martxoan greba egin bazuten ere, oraingoan sindikatuak defizit publikoa murrizteko politikez oroitu dira. «Langabezia da arazo nagusia, eta arduradun politikoak ez dira horretaz arduratzen. Defizit publikoari ematen diote lehentasuna, eta, horretarako, gero eta jende gehiago langabeziara daramaten politikak jartzen dituzte indarrean», salatu du ELAk, agiri baten bidez. Politika ekonomikoak erabat aldatzeko eskatu du ELAk, kalitatezko enplegua sortu eta bizi-baldintzak hobetzeko, eta hori lortzeko bidea mobilizazioa dela aldarrikatu du.
«Gizartea gero eta pobreagoa izan arren», Espainiako Gobernuak «espekulatzaileen onerako» aurrekontuak aurkeztu dituela ziurtatu du LABek. «Zor publikoarekin espekulatzen dutenei ordaintzea da aurrekontuen lehentasuna. Langile klasea arpilatzen ari dira zerga atzerakoien eta eskubideen galeraren bidez, elite ekonomikoei gero eta diru gehiago emateko».
Aurrekontuek atzeraldia okertuko dutela eta langabezia handituko dutela ohartarazi du Euskadiko CCOOk, eta mobilizazioak egingo dituela iragarri du. Felipe Garcia UGT-Euskadiko enplegu idazkariak ere aurreikuspen txarrak egin ditu, eta sortuko den Eusko Jaurlaritzari eskatu dio aurrekontu politikaren bidez enpleguaren sorrerari laguntzeko.
Alderdi politikoak ere kezkatuta azaldu dira. Aralarrek frogatutzat jo du gizarte gastuaren murrizketak ez duela lanposturik sortzen. Geroa Baik, berriz, uste du datuek agerian utzi dutela Nafarroako Gobernuaren enplegu politikaren porrota.
Lan merkatuaren erreformak huts egin duela ziurtatu du Jaurlaritzak
Sindikatuek esan dute defizita txikitzeko politikari lehentasuna emateak langabezia handitzen duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu