Lanaldi partziala izan dutenek ez dituzte hamabost urteak oso-osorik kotizatu beharko dagokien pentsioa jaso ahal izateko. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren agindua jarraituz, lanaldi ez osoko langileen pentsioak kalkulatzeko modu berria proposatu die Enplegu Ministerioak eragile sozialei.
Orain arteko moduan, pentsio publikoa jaso ahal izateko hamabost urtez Gizarte Segurantzara kotizatu dutela erakutsi beharko dute modu partzialean lan egiten dutenek, baina modu horretara kotizatutako aldiek partzialtasun koefiziente baten arabera neurtuko dira. Pentsioa ez ezik, beste gizarte sari batzuk (amatasuna, aitasuna, ezgaitasuna...) kalkulatzeko ere baliatuko dira koefiziente horiek.