Gutxi iraun du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoen negoziazio mahaiak. Lanaldia zen bileraren gai nagusia, eta ikustean Eusko Jaurlaritzak ez ziola muzin egingo aurten indarrean jarritako lanaldiari, mahaitik altxa dira ELA eta LAB. CCOOk eta UGTk ere egin dute lanaldiaren luzapenaren aurka.
Funtzionarioen eta beste langile publikoen 35 orduko lan astea maiatzean lurperatu zuen Jaurlaritzak. Ordura arte urtean 1.592 orduz egin behar zuten lan, baina dekretu bidez 1.614ra igo zuen Iñigo Urkulluren gobernuak. Erabaki horrek sindikatu guztien protesta eragin zuen. Mahai Orokorra utzi zuten han ordezkaritza duten lauek, maiatzaren 2ko bileran, eta egun batzuk beranduago deitutako bilerara CCOO baizik ez zen agertu.
Igor Eizagirre ELAko ordezkariak azaldu duenez, lanaldia luzatzeak "enplegu gehiagoren galera" ekarriko du sektore publikoan. Horregatik, mobilizatzera deituko ditu langile publikoak. LABek ere protestak antolatu nahi ditu, uste baitu Jaurlaritza "Madrilek hartzen dituen erabakiak zintzo-zintzo betetzen dituela". Negoziazioa "iruzur hutsa" izan da, Ortegaren arabera.
Jaurlaritzaren proposamenak
ELAren eta LABen jarrera "setakeria ulertezina" iruditu zaio Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeari, eta iragarri du «negoziatzen jarraitzeko asmoa duten sindikatuekin" lanean jarraituko duela. Lanaldia alde batera utzita, hainbat "hobekuntza nabarmen" proposatu dituela ziurtatu du Zearretak. Horrela, Jaurlaritzak eskaini die sindikatuek langileek gaixo baimena hartuz gero jasotzen dituzten ordainen osagarriak hobetzea. Langile publikoek soldataren % 100 kobratu ahal izango lukete, baldin eta azken bi urteetan ez badute bajarik hartu. Horrez gain, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko baimen ordaindu berri bat proposatu die, eta gaixotasun larriren bat duten lehen graduko ahaideak zaintzeko baimenaren araudia hobetzea ere bai.
Aldi baterako ezintasunari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ordainsari-osagarriak hobetzea proposatu die sindikatuei: lehen egunetik hirugarren egunera, langileek beti % 50 kobratuko dute. (Gaur egun aurreneko baja baldin bada baino ez dute kobratzen). Laugarren egunetik hogeigarren egunera, langileek % 75 kobratuko dute, baimen guztietan. Hogeitabatgarren egunetik aurrera, langileek % 100 kobratuko dute (gaur egun 45. egunetik aurrera soilik kobratzen dute % 100)