Lanbide berria, hasteko prest

Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk Euskal Enplegu Zerbitzua «gizarte elkarrizketaren fruitu» dela aldarrikatu dute. Erakundeko administrazio kontseiluan gehiengo soilez hartuko dira erabakiak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Lanbide eraberritua prest dago, eta lanean hasiko da datorren urtarrilaren 1ean. Eusko Jaurlaritzak gizarte elkarrizketan parte hartzen duten eragileekin - Confebask, CCOO eta UGT- adostu ditu Lanbideren estatutuak eta abiatzeko dekretua. Atzo, eragileei politika aktiboen eskualdatzea azaltzeko bileraren ondotik, Euskal Enplegu Zerbitzu berria elkarrizketa horren «fruitua» dela aldarrikatu zuten parte-hartzaile guztiek. ELAk eta LABek ez dute parte hartu diseinu horretan. Bi sindikatuen artean, langileen ordezkaritzaren %60 dute.

Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa izango da Lanbide. Izaera horrek sindikatuen mesfidantza zuen arren, ez da aldatuko. Funtsean, enpresa baten gisara ariko da zerbitzua, eta jarduera zuzentzeko ardura administrazio kontseilu batek izango du.

Kontseilu horretan erabakiak hartzeko sistema «berritzailea» hartu dela nabarmendu zuten gizarte elkarrizketako eragileek, betoak eragozteko. Bosna kide izendatuko dituzte administrazioak, patronalak eta sindikatuek. Gehiengo soila - zortzi boto- nahikoa izango da erabakiak hartzeko. Horrek esan nahi du alde bateko ordezkari guztiak kontra izanda ere erabakiak ez direla atzera botako.

Hasiera batean, Jaurlaritzari eta patronalari abantaila ematen dien egitura bat da, bakoitzak bost ordezkari dituelako eta guztiek berdin bozkatzea espero delako. Baina, teorian eta estatutuetan izan daitezkeen salbuespenen zain, posible litzateke sindikatuak - batzuk edo guztiak - eta patronala ados jartzea, gobernuak babesten ez dituen neurriak aurrera ateratzeko, betiere Lanbideren barnean. Gemma Zabaleta Enplegu sailburuak ohartarazi zuen ez dela soilik organo aholku emailea izango. «Lanbidek egingo dituen politika guztien diseinuan, garapenean eta ebaluazioan ariko dira eragileak».

Deia ELA eta LAB sindikatuei

Administrazio kontseiluan nortzuk eseriko diren ez dago erabat garbi, oraingoz. Sindikatuei dagokienez, ELAk bi kide izendatzeko eskumena luke, eta LABek beste bat. Gehiengo sindikala ez dator bat gizarte elkarrizketaren mahaian gobernuak ezarri dituen joko arauekin, eta oso kritikoa da politika aktiboen eskumena jasotzeko erabili den eskemarekin. Bi sindikatuek uko egin zioten beste erakunde batzuetan - esaterako, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean - zegozkien ordezkariak izendatzeari. Zabaletak atzo berretsi zuen ELA eta LABen eserlekuak beste sindikatuei emango zaizkiela Lanbiden ere hala gertatuko balitz.

Ordezkari horiek izendatzeko eskaera aurki igorriko zaie ELAri, LABi eta beste sindikatuei. Edonola ere, gizarte elkarrizketan eta Lanbiden parte hartzera deitu zituen Zabaletak. CCOOko idazkari nagusiak, Unai Sordok, gonbita berretsi zuen.

Enpresaburuen ordezkaritzak ere izan du polemika, aldez aurretik. Kooperatibek erabakitzeko organoetan sartzea galdegin zuten, baina Confebaskek euren presentzia baztertu zuen. Zabaletak ontzat jo zuen patronaleko ordezkaritza geratu den modua, «legeak agintzen duelako».

Lanbidek 785 milioi euroko aurrekontua du, eta, politika aktiboak kudeatzeaz aparte, gizarte laguntzen ardura hartuko du bere gain. Eredu berriak langabeen banan-banako arreta lehenetsiko du, sailburuaren arabera.

Lan segurtasunerako funtsen banaketa salatu dute Nafarroan

UGT, CCOO eta CEN patronalaren artean 536.000 euro banatu zituen atzo Lan Segurtasunerako eta Osasunerako Nafarroako Kontseiluak. Diru hori Espainiako Lan Arriskuen Prebentziorako Fundaziotik dator, eta «erakunde jakin batzuk finantzatzeko» erabiliko dela salatu dute ELAk eta LABek.

«Kontseiluan soilik ustez egingo diren ekintzak zenbatu dira, eta zenbat kostatuko diren esan, funts horien erabilera zehatzean batere sakondu gabe. Eskandalu bat da», sindikatu abertzaleen irudiko.

Fundazio beretik ia milioi bat euro banatu zituen Osalanek EAEn, eta antzeko salaketa egin zuten ELAk eta LABek.

Datua

15

Lanbideko Kontseilua. Hamabost kide izango ditu, eta erabakiak gehiengo soilez hartuko dira.

Eusko Jaurlaritza. Enplegu Sailak 2 ordezkari, eta Ogasun Sailak, Industriak eta Hezkuntzak bana.

Patronala. Bost kideak Confebaskek izendatuko ditu.

Sindikatuak. Bost kide, ordezkaritzaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.