Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi ditu Lanbide EAEko enplegu zerbitzuko kontseiluko hamabost kideak eta, iragarri bezala, administrazioko, sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako ordezkariak daude bertan.
Jaurlaritzatik Gemma Zabaleta (Jaurlaritzako Enplegu sailburua), Javier Ruiz (Enplegu sailburuordea), Carlos Crespo (Formakuntza Profesionaleko sailburuordea), Juan Jose Garaiar (Industria Garapeneko zuzendaria) eta Andres Araujo (Ekonomia sailburuordea) daude.
Sindikatuetako ordezkariak Ioseba Villarreal (ELA), Mikel Noval (ELA), Maria Dolores Garcia (CCOO), Oihan Ostolaza (LAB) eta Felipe García (UGT) dira. Dena dela, ELAk eta LABek hil honetan iragarri zuten ez dutela hartuko parte Lanbiden, Jaurlaritzaren politikari "babesa" ematea delakoan han aritzea. Bi sindikatuek diote EAEko gobernuak Espainiakoaren politika bera egiten duela.
Enpresaburuen elkarteetakoak: Nuria Lopez de Gereñu (Confebask), Jose Miguel Aierza, Francisco Javier Azpiazu, Juan Ugarte eta Jon Bilbao.
Lanbideko presidentea Gemma Zabaleta da. Zuzendaria, Javier Ramos -baina ez du botorik izango-.
Lanbide eraberritua urtarrilaren hasieratik dago martxan, Espainiako Gobernuak enpleguaren kudeaketarako eskumena igorri ostean Jaurlaritzari.
Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da Lanbide. Funtsean, enpresa baten gisara ariko da, eta jarduera zuzentzeko ardura administrazio kontseilu batek du.
Kontseilu horretan erabakiak hartzeko sistema "berritzailea" hartu dela nabarmendu zuten bertako eragileek, "betoak eragozteko". Gehiengo soila -zortzi boto- nahikoa izango da erabakiak hartzeko. Horrek esan nahi du alde bateko ordezkari guztiak kontra izanda ere erabakiak ez direla atzera botako.
ekoNOMIA
Lanbidek badu kontseilua
Administrazioko, sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako bosna ordezkari daude Jaurlaritzaren enplegu zerbitzuko zuzendaritzan. ELAk eta LABek, ordea, ez dute parte hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu