Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 3.637 herritar diru sarrerak bermatzeko errentarik gabe geratuko dira uztailean. Laguntza hori kentzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, kautelazko neurri gisa, legea bete ez dutela iritzita. Hala jakinarazi zuen atzo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak. Urte hasieratik dagoeneko 5.668 laguni kendu die laguntza hori Jaurlaritzak.
Legea ez betetzeagatik atzeman dituzten azken kasuei dagokien zenbatekoa 30,6 milioi eurokoa da, eta, urte hasieratik izan diren kasuak aintzat hartuz gero, guztira 47,88 milioi euroren laguntzak eman gabe utziko ditu Jaurlaritzak —lehen hiruhilekoan 2.031 herritar utzi zituen laguntzarik gabe—. Laguntza jasoko ez duten 5.668 lagun horiek errentaren onuradun direnen%9,7 dira.
Lanbidek egin duen azken berrikuspenari dagokionez, gehienei arrazoi berengatik kendu die laguntza: ordua zutenean aholkulariarenera joan ez direlako, enplegu planetan parte hartu ez dutelako eta haiekin harremanetan jartzeko aukerarik izan ez dutelako. Beste 451 lagunek errenta jasotzeari utziko diote Lanbidek langabezia gehien dagoen guneetan abiatutako programetan parte hartzeari uko egiteagatik.
336 lagunek gehiagok ezetza eman diote Bilbon lan aukerak hobetzeko martxan jarri den planari, eta orain arte laguntza jasotzen zuten beste 70 lagun herrialdetik kanporatu dituzte—atzerritarrak ziren, eta epailearen aginduz egotzi dituzte, delituren bat leporatuta—. «Babes sistema oso zabala da, baina sistema horrek zorrotza izan behar du, legea bete dadin eta errenta jasotzen ari diren horiek lanean hasi nahi dutela berma dezan», azaldu zuen atzo Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak. Haren ustetan, indarrean dagoen legeak «eskubide bikoitza» du: diru sarrerak bermatzeko eskubidea, batetik, eta lan mundura sartzeko eskubidea, bestetik.
Kasurik gehienak Bizkaian
Urte hasieratik egindako bi azterketetan, Bizkaian atzeman ditu Lanbidek legea urratu dutenen kasu gehienak —%72,2 eta %79,8, hurrenez hurren—. Iazko abuztuan, hain zuzen, hainbat kolektibok Bilbon salatu zuten 1.500 lagun diru sarrerak bermatzeko errenta gabe utzi zituela Bizkaiko Foru Aldundiak, «modu irregularrean» eta «kasuak banan-banan aztertu gabe». Aldundiak argudiatu zuen 2010eko ekainean gutun bat bidali ziela errenta jasotzen zutenei, hainbat baldintza bete behar zituztela ohartaraziz.
Azken asteetan Lanbidek kritikatu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak bere garaian egindako kudeaketa, eta iruzurra atzeman ahal izateko espedienteak berandu aurkeztea leporatu dio. Gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa foru aldundietatik Eusko Jaurlaritzara pasatu zen iazko abenduaren 13an, eta, beraz, urtarriletik Lanbide da errenta ordaintzeko arduraduna.
Aurretik aldundiek jasotako kritikak Jaurlaritzak jaso ditu orain; «eskubideak urratzea» leporatu diote, baita errenta jasotzeko eskari berriak bideratzeko «geldotasuna» ere. Zabaleta Lan sailburuak, ordea, kexak aipatu baino Jaurlaritzaren ekarpena goraipatu zuen urteko lehen hiruhileko datuen berri ematerakoan. Haren arabera, hilean 13 milioi euro eta urtean 398 milioi euro jartzen ditu horretarako, eta kopuru hori Jaurlaritzak historian gizarte laguntzetan egin duen «inbertsiorik handiena» da.
Gipuzkoaren laguntza
Urte hasieran diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortu zituen Jaurlaritzak; gutxieneko erroldatze aldia urtebetetik hiru urtera luzatu zuen, besteak beste. Aldaketa horrek hainbat herritar laguntzarik gabe utziko zituela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza berri bat sortzea erabaki zuen, Lanbiderena jasotzeko aukerarik izango ez dutenentzat. Igandeaz geroztik indarrean da.
Aldundiaren ekimenaren bitartez, laguntza eta lana bateratzeko aukera dute 11.170 eurotik beherako diru sarrerak dituzten gipuzkoarrek. Diru laguntza 600 eta 900 euro artekoa izango da, familia osatzen duten kide kopuruaren araberakoa: lagun bakarreko familiak hilean 598,64 euro jasoko ditu —gutxieneko soldataren %80—; bi lagunekoak 748,3 euro —gutxieneko soldata adina—; hiru lagunekoak 860,55 euro —gutxieneko soldataren %115—; eta lau lagunetik gorakoak 897,96 euro —gutxieneko soldataren %120—.
Lanbidek beste 3.600 laguni kenduko die diru sarrerak bermatzeko errenta
Legea ez betetzea egotzita, urte hasieratik 5.668 lagun utzi ditu laguntzarik gabe, hamar onuradunetik bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu