Lanbideko «anabasa» salatu du Gipuzkoako Diputazioak

Diru sarrerak bermatzeko errentaren ordainketa atzeratu egin dela eta arreta zerbitzua okertu egin dela esan du

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ordainketak atzeratu egin dira; langileek ez dituzte beharrezko baliabideak herritarrei arreta eman eta espedienteak ebazteko; eta, egun batzuetan, ezinezkoa izaten da telefono bidez bulegoekin harremanetan jartzea. Adibide horien bidez azaldu du Gipuzkoako Diputazioak Lanbideko «kaosa». Diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa haren esku geratu zenetik «anabasa» dela nagusi esan dute Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak eta Jon Lasa Gizarteratzeko zuzendariak. Jaurlaritzari eskatu diote «gizarte laguntzen hartzaileak kriminalizatzeko kanpaina amaitzeko» eta «eraginkorrago» izateko.

Azken urteetan, Gipuzkoako Diputazioak modu eraginkorrean kudeatu izan duela laguntza hori gogoratu dute. «Orain, Gemma Zabaletak hankaz gora jarri du sistema». Jaurlaritzak «gizarte laguntzen ospea galarazteko hasitako kanpaina» ere salatu dute. Otsailean, Gizarte Gaietako Sailak hildako pertsonei iruzurrezko ordainketak egitea leporatu zien aldundiei. Gipuzkoan halako zortzi kasu zeudela esan zuen. «Bi hilabete daramatzagu espediente hori eskatzen, eta ez dizkigute datuak ematen. Informazio faltsua dela uste dugu».

Batzar Nagusiek ere hitza

Zerga arloko zigor barkamenei buruzko informazioa ere eman du Gipuzkoako Diputazioak. Aurreko legegintzaldian, 1.485 espediente tramitatu ziren eta 936 barkatu, 11 milioi euroko balioa zutenak —horietatik 9,6 milioi enpresei—. 6.000 eurotik gorako isunak barkatu ahal izateko, Diputazioak Batzar Nagusien oniritzia izatea nahi du Helena Franco Ogasun diputatuak. Azaldu du «gardentasuna handitzea» dela neurriaren helburua.

EAJ eta PSE-EE aurka agertu dira. Batzar Nagusien zeregina kontrol lanak egitea dela esan du EAJko Itziar Agirrek, «eta ez betearazte lanak». PSE-EEko Rafaela Romerok zalantzan jarri du Batzar Nagusiek horretarako duten gaitasuna, «ez dutelako aski informazio izaten». PPk begi onez ikusi du ekinbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.