Lanbideko antolamenduan «kaosa» dagoela, dirua «xahutzen» dela eta erakundeak gizarteari «iruzur» egiten diola salatu du ELAk, eta esan du egoera egunetik egunera okerrera doala, okerrak behin eta berriz errepikatzen direlako. Hori horrela, «anabasa zuzentzen hasteko» mobilizazio kanpaina bat prestatuko duela iragarri du sindikatuak.
ELAren arabera, martxan jarri zenetik lau hilabetera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horrek oraindik ez du egiturari eta antolaketari buruzko araudirik. Gainera, «bazterketa egoerak» salatu ditu lanpostuak hornitzeko orduan, soldatetan, prestakuntzan eta kontratazioan.
Esate baterako, ELAk jakinarazi du Lanbidek ez diela herritarrei aukerarik eman erakundeko lanpostuetara aurkezteko eta, ondorioz, publizitate eta merezimendu printzipioak urratu dituela. Lan bera egiten kategoria desberdinetako langileak ari direla, prestakuntza ikastaroen berri langile guztiek ez dutela eta nomina agiriak akatsekin ematen dizkietela ere kontatu du sindikatuak, besteak beste.
Gainera, ELAk uste du Lanbide gizarteari iruzur egiten ari zaiola, ez delako ari langabeei agindutako prestakuntza ikastarorik ematen. «Azalpenik ematen ez dutenez, ez dakigu antolamendu arazoengatik den edo altxortegi arazoengatik». Sindikatu abertzalearen arabera, erakundeak autonomoentzako diru laguntzak ere etenda dauzka iragan abuztutik. «Autonomo horietako askoren proiektuen bideragarritasuna, hastapenetan dabiltzanez, diru laguntza horien mende zegoen. Beldur gara, beraz, baten batek ez ote duen porrot egin laguntza horiek eten izanagatik». Era berean, ELAk salatu du Lanbidek ez diela dagokiena pagatzen ez enplegu zentro bereziei, ez laneratze enpresei, ez eta enplegua sustatzeko edozein diru laguntza jasotzeko eskubidea dutenei ere. «Eta jarduteko jarraibiderik ez dagoenez, erabiltzaileak gero eta haserretuago eta amorratuago daude».
LABek ere gogor kritikatu du Lanbide, baina ez antolaketako kaosagatik, diru sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko aurki hartuko dituen 160 lagunetako askori ez dielako eskatuko baldintza gisa euskararen gutxieneko ezagutza izatea. Soilik hamaseiri eskatuko die bigarren mailako hizkuntz ezagutza.
Lanbideko «kaosa» salatzeko protestak hasiko ditu ELAk
Sindikatuak dirua xahutzea eta gizarteari iruzur egitea egotzi dio Jaurlaritzaren mendeko erakundeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu