Lanbide euskal enplegu zerbitzuko kontseiluan dagozkien ordezkariak izendatu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. Hala ere, oraingoz organo horretan ez dutela parte hartuko iragarri dute. Jaurlaritzak ez dituela zerbitzua diseinatzeko eta martxan jartzeko kontuan hartu kritikatu dute sindikatu abertzaleek, eta Lanbide gobernuaren politikari estaldura emateko tresna izango dela uste dute.
Kontseiluak hamabost kide izango ditu, hiru taldetan banatuta. Bost ordezkari administrazioak jarriko ditu, Jaurlaritzako sail ezberdinetakoak. Beste bost patronalari dagozkio, eta bostak Confebaskek erabakiko ditu, kooperatibei kontseiluan egoteko aukera ukatu eta gero. Azkeneko bostak sindikatuen artean banatu behar dira, ordezkaritzaren arabera. ELAk bi izango ditu, eta bana LABek, CCOOk eta UGTk. ELAk eta LABek gehiengo osoa dute langileen ordezkaritzan, %56 hain zuzen ere.
Gizarte eragileen parte-hartzea duten organoetan jarduera mugatu izan dute sindikatu abertzaleen azken urteotan, eta ez zegoen garbi Lanbiden nolako jarrera hartuko zuten. Esaterako, EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean ordezkariak izendatzeari uko egin zioten, eta Jaurlaritzak eserleku horiek CCOOri eta UGTri eman zizkien. ELAk helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka, baina epaileek Patxi Lopezen gobernuaren erabakia zilegitzat jo zuten.
Lanbiden ordezkariak izendatu badituzte ere, sindikatu abertzaleek Jaurlaritzaren jarrerarekin dituzten sakoneko desadostasunak ez dira ezer aldatu. Lopez lehendakari aukeratu zutenean gizarte elkarrizketaren mahaia martxan jarri zuen sindikatuekin eta patronalarekin. Eredu hori hasieratik errefusatu dute ELAk eta LABek, euren gehiengoa indargabetzeko eta ezkutatzeko tresna dela uste dutelako.
Diseinuari buruz iritzirik ez
Kontseiluan ez parte hartzeko erabakia eredu horretan oinarritzen da. Gehiengoa izan arren, Lanbide sortzeko prozesuan Lan Sailak behin ere ez duela eurekin hitz egin salatu dute ELAk eta LABek, idazki baten bidez. «Euskal gehiengo sindikala kanpoan utzita diseinatu da Lanbide». Horren haritik, Lopezen gobernuak egin nahi duen enplegu politikari buruzko informaziorik ez dutela nabarmendu dute. Gobernuak gizarte elkarrizketaren mahaian ez daudelako prozesutik at utzi dituela kritikatu dute.
Erabakiak hartzeko sistema ere ez dute ontzat jo. Erabakiak gehiengo sinplearekin hartuko dira. Hasiera batean, nahiz eta talde bateko ordezkari guztiak aurka egon, erabakiak hartzea posible litzateke. Beste organo batzuetan beharrezkoa da talde bakoitzean gehiengoak babestea, eta horren alde daude ELA eta LAB. Izaerari dagokionez, organo autonomoa ez izateak erakundearen kontrola zailduko duela susmatzen dute.
Azkenik, Espainian ezartzen den enplegu politika ezartzeko bitartekotzat jo dute Lanbide. «Patronalaren interesen aurka doan ezer ez da eztabaidatuko».
Lanbideko kontseiluan ordezkariak izendatu dituzte ELAk eta LABek
Sindikatu abertzaleek ez dute parte hartuko, zerbitzua diseinatzeko hartu diren erabakiekin ados ez daudelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu