Lanbideko ehunka langilek manifestazioa egin dute gaur goizean Lanbideren Gasteizko egoitza nagusitik Eusko Jaurlaritzaren egoitzara arte. Enplegu Sailak Lanbideko lantaldeari buruz egindako proposamena salatu nahi dute protestaldi horrekin eta grebarekin. ELAk eta LABek nabarmendu dutenez, berrehun lanposturen galera ekarriko du, beste asko derrigorrean lantokiz aldatzea eta lan baldintza orokorrak okertzea.
Sindikatuen arabera, lantaldea murriztuz gero Lanbide ez da gai izango "herritarrei zerbitzu egokia emateko" gaur egun daukaten "langabezia handiarekin".
Muñozek, bere aldetik, gaur goizean Juan Maria Aburto Enplegu sailburuaren hitzak gaitzetsi ditu. “hipokresia hutsa iruditzen zait esatea berrehun lanpostu horiek langabeziak behera egin duelako galduko direla”. Argumentu horrekin hurrunegi joan dela esan du ordezkari sindikalak, eta gogorarazi gobernuek euren esparruetan “lanpostuak suntsitzen” dituztela. Horren adibideak jarri ditu: EITB, Osakidetza, Hezkuntza, elkarte publikoak eta abar.