Lanbideren webgunea, gainezka autonomoen laguntzak eskatzeko

Gauerditik 10.000 eskaera jaso ditu Jaurlaritzak; izandako arazoengatik barkamena eskatu du Borja Belandia Lanbideko zuzendariak. Eskaera iristen den ordenaren arabera banatuko da laguntza. Euskaldendak elkarteak «kolapsoa» gaitzetsi du.

Lanbideren atarian eska ditzakete autonomoek laguntzak.
jon olano
2020ko apirilaren 16a
10:37
Entzun

Gauerdian zabaldu dute epea koronabirusak eragindako krisiaren eraginez diru sarrerarik gabe geratu diren autonomoek diru laguntzak eskatzeko, eta, webgunean jasotako bisita kopuru handiaren ondorioz, Lanbideren webgunearen zerbitzariek gainezka egin dute harrezkero. Horrek kexa asko eragin ditu laguntza horien beharrean dauden autonomoen artean.

Zehazki, 10.000 eskabidetik gora jaso dituzte gauerdiaz geroztik, eta, zerbitzariek izandako arazoengatik, herritarrei barkamena eskatu die Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak. Onartu du ezarritako eredua ez dela egokia izan, eta agindu du goizean  eskabideetarako sarbide sistema zuzenduko dutela, «herritarrentzat eta webgunearentzat estresagarria ez den sistema bat» ezartzeko.

Azaldu duenez, bi modu daude laguntzak eskatzeko; tramitazio elektronikoaren bidez eta Lanbideren webgunean dagoen eskabide orri bat beteta. Lehen aukera, tramitazio elektronikoarena, ez da prest egon goizaldeko laurak arte, eta ikertzen ari dira zergatik. Bide horretatik, 1.836 eskaera jaso dituzte 08:00etarako.

Hiru milioi euroko diru saila bideratu zuten autonomoei laguntzeko, eta espero da diru hori azkar amaitzea. «Orain, beste sail batzuekin batera aztertu behar dugu zeintzuk diren gobernuaren lehentasunak, eta posible ote den diru sail hori handitzea eta pertsona gehiagorengana heltzea. Ikusi behar dugu zenbat eskera iristen diren, eta ondorioak atera behar ditugu», esan du Belandiak. Edonola ere, hitzeman du diru kopurua handituko balitz ere ez litzatekeela beharrezkoa beste eskaera epe bat zabaltzea.

Laguntza horietarako diru kopuru «eskasa» dago, Euskaldendak elkartearen ustez, gaurko «kolapsoaren» iturrian. Merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu enpresetako elkarteen konfederazioak azaldu du apirilaren 7an jada ohartarazi zuela Eusko Jaurlaritza gerta zitekeenaz, «laguntzarako kopuru txikiengatik onuradun posibleak trumilka sartu direlako».

Euskaldendak elkartearen kalkuluen arabera, gaur egungo kopuruarekin 30 autonomo kaltetutatik soilik bakarrak izango du laguntza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritzan eta merkataritzan kaltetutako autonomoak 35.000tik gora baitira. 

Autonomoei laguntzeko alternatiba bat, konfederazioaren ustez, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa aldatzea izan daiteke, behin-behineko automatizazio bat izateko. Era berean, laguntzetarako kopuruak handitzea ezinbestekoa dela uste du, eta lokal komertzialen jabeak ere onuradun posibleetan sartzea; orain, lokala alokairuan duten autonomoak soilik sartzen dira.  

 

Gehienez 3.000 euro

Enpresen kasuan, Bideratu programaren bidez egituratuko dira laguntzak. Programak hogei milioi euroko aurrekontua du, eta, printzipioz, Jaurlaritzak ez du kopurua handituko. Gehienez 800.000 euro eska ditzake enpresa bakoitzak, eta trukean epe erdira eta luzera konpainiaren bideragarritasuna erakusten duen plana aurkeztu beharko du. 20 eta 250 langile arteko enpresek jasoko dute laguntza.

Jarduerarik gabe geratu diren autonomoek, berriz, Lanbidera jo beharko dute laguntzaren bila. Gehienez, autonomo bakoitzeko 3.000 euro banatuko dira.

Nafarroako Gobernuak, berriz, atzo iragarri zituen autonomoen egoera arintzeko neurriak. Laguntza nagusia 2.200 eurokoa izango da, eta krisiaren ondorioz «okerren pasatzen ari diren autonomoei» zuzenduko zaie. Hau da, Espainiako Gobernuak martxoaren 17an onartutako errege dekretuaren arabera, jarduera eteteagatik diru saria aitortu zaien autonomoei emango zaie laguntza hori. Baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte, hala nola Ogasunarekin zorrik ez izatea, Nafarroan bizitzea eta aurten enplegua sustatzeko laguntzarik ez eskatu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.