Edalontzia erdi hustuta edo erdi beteta ikusteko moduko emaitzak eman ditu Eustaten biztanleria aktiboaren inkestak. Baikorrenek ikusi ahal dute 2011ko bigarren hiruhilekoan lana dutenen kopuruak berriro gora egin duela —3.200 gehiago—; ezkorrenek, berriz, urteko lehen hiruhilekoan baino 1.800 langabe gehiago daudela. Langabezia tasa %10,7tik %10,9era handitu da, eta handiena da 2001eko hirugarren hiruhilekoaz geroztik.
Jarduera tasaren igoera nabarmena izan da apiriletik ekainera. Duela hiru hilabete baino 5.100 lagun gehiago daude lan merkatuan, 16 urtetik gorako biztanleen %56,6. 1985etik, Eustat datuak biltzen hasi zenetik, ez da hainbeste herritar izan lan merkatuan: 1.058.100, hain zuzen ere.
Hazkunde hori, ordea, soilik emakumeei dagokie: inoiz baino emakume gehiago daude lan egiteko prest (481.300), eta inoiz baino gehiago ari dira lanean (426.900). Horrenbestez, lehen aldiz ere, emakumeen jarduera tasa %50eko mugara heldu da. Gizonezko aktiboen kopurua, ordea, gutxitu egin da: 3.400 aurtengo lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta 4.300 azken urtean.
Edonola ere, lan merkatuan sartu diren emakume horietako asko zuzenean langabeziara joan dira. Hiruhileko bakarrean emakumeen langabezia tasa %10,2tik %11,3ra igo da. Eustaten inkestak dio 54.500 emakume daudela lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 6.200 gehiago eta iaz baino 14.600 gehiago. Gizonezkoen artean, berriz, duela hiru hilabete baino 4.400 gutxiago daude.
Inkestak eman duen datu kezkagarrien artean bada honako hau ere: kide denak lanerako prest dituzten familiak lehen baino 4.200 gehiago dira. Jada 35.800 dira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden familia unitateen %4,2. Kide aktibo guztiak lanean dauzkaten familiak 480.700 dira (%56,7) eta kide aktibo gabekoak 273.100 (%32,2).
Lanean ari direnen eta lanik ez dutenen kopurua igo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Inoiz baino emakume gehiago daude lan merkatuan, baina haietako asko zuzenean langabeziara joan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu