Enpresak

Lanera itzuli dira Cables y Alambresen, balizko erosleak erakartzeko

Fabrikaren atarian azken 25 egunez egindako kanpaldia amaitu dute bEnpresa likidatzeko prozesua abian jarri du haren jabeak, Vicinayk

Cables Y Alambres enpresako langileak protestan, iazko uztailean. JUNE PRIETO
Iker Aranburu.
2019ko urriaren 23a
21:32
Entzun

Lantegiaren kanpoaldean 25 egunez egon ondoren, fabrika barrura sartu dira Cables y Alambresko langileak, Erandion (Bizkaia). Lanera sartu dira, enpresarekin konpromisoa dutela erakustera lantegia erosteko interesa izan dezaketenei.

Enpresa historikoa da Cables y Alambres. 1898an sortu zuten, eta kableak eta alanbreak egiten ditu, besteak beste, igogailu, garabi, arrantzontzi eta offshore industriarentzat. Arlo horretako ekoizlerik zaharrenetarikoa da Europan, eta, 2015. urteaz geroztik, Vicinay Bizkaiko enpresa taldearen barruan dago.

Vicinayk, ordea, amore eman du, galera jasanezinak dituela argudiatuta. Udan, 122 langileetatik 43 kaleratzeko asmoa azaldu zuen, eta egun batzuk beranduago 35era jaitsi zituen kaleratzeak. Sindikatuek ez zituzten onartu, eta alternatibak bilatzeko eskatu zioten. Proposatu zuten langile batzuek bere borondatez uztea enpresa kalte-ordain handiago baten truke, langileak Vicinay taldearen beste enpresa batzuetara eramatea, eta langile batzuk aldez aurretik erretiratzea. Enpresak ez zituen eskaerak onartu, eta urrunago jo zuen: irailean, konkurtsoa eskatu zuen Erandioko enpresarentzat. Urriaren 8an, enpresa likidatzeko asmoa azaldu zuen; lantegiaren jarduna eten zuen, zuzendaritza guztiak kargugabetu zituen, eta kudeaketa konkurtsoaren administratzailearen esku utzi zuen.

Administratzaile horrekin berarekin bildu dira azken egunotan langileen ordezkariak, eta horren ondoren egindako batzarrean erabaki dute lanera itzultzea. Lehen urrats gisa, lantegiaren atarian jarritako kanpamentua kendu dute. Horren bidez eragotzi nahi zuten Vicinayk fabrika materialez hustea.

Bigarren urratsa izan da lanari berriro ekitea. Keinu horren helburua da balizko erosleei erakustea enpresaren bideragarritasunean sinisten dutela. «Kable ekoizle bakarrak gara Espainiako Estatuan, eta bezeroen poltsa handia dugu», azaldu dute, agiri baten bidez.

Hirigintza operazioa

Enpresaren eta langileen geroa hirigintza operazio bati lotuta egon daiteke. Izan ere, Cables y Alambres Ibaizabalen itsasadarraren lehen lerroan dago, etxeak egiteko interesgarri izan daitekeen leku batean. Lur horretan etxebizitzak egin ahal izateko, birkalifikazio prozesu bat martxan jarri du Erandioko Udalak.

Langileek azpimarratu dutenez, hartzekodunen konkurtsoak zuzen-zuzenean eragiten die instalazioei eta lantegiaren lurrei. Erakundeei esku hartzeko eskatu diete, haiek ere izan dutelako zeresana enpresaren oraingo egoeran. Izan ere, 2015ean, Vicinay taldeak Cables y Alambres erosi zuenean, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Aldundiarekin ere tratua egin behar izan zuen, haiena baitzen orubea, Socaderen bitartez. Lurraren erosketa Finantzen Euskal Institutuaren mailegu bati esker egin zuen Vicinayk, baldintza batekin: fabrikaren jarduerari eutsi beharko ziola, gutxienez 2020. urtera arte. Epe hori agortu aurretik lurra guztiz bereganatu zuen Vicinayk, 2018ko abenduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.