Langabe kopurua emakumeen eta gazteen artean handitu da gehien

INEk 15.600 langabe gehiago zenbatu ditu hirugarren hiruhilekoan, eta tasa puntu bat igo da

jokin sagarzazu
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uda ez da urtaro ona izaten Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat, eta hala gertatu da aurten ere. INE Espainiako Estatistika Institutuak biztanleria aktiboari buruz eginiko inkestaren arabera, 15.600 langabe gehiago daude, 119.100 guztira; tasa puntu bat igo da bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta %8,5ean kokatu da.

Emakumeen eta gazteen artean handitu da gehien langabezia: beste 13.600 emakume daude lanik gabe —2,2 puntuko igoera—, eta %9,6 da tasa. Langabe guztien %54 dira. Gizonen artean, berriz, nabarmen txikiagoa izan da igoera: 1.600 gehiago, eta tasa hiru hamarren handitu da, %7,6raino.

Industrian galdu dira lanpostu gehienak: 11.400. Zerbitzuen sektorean, berriz, 10.700 sortu dira. Azken urteetan, zerbitzuen sektorea gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Hego Euskal Herriko lan merkatuan, industriaren kaltetan. Iaztik, 9.500 pertsona gutxiago daude lanean bigarren sektorean; hirugarrenean, berriz, 36.200 gehiago.

Ikasturte amaieran ohikoa den moduan, aurten ere jende gehiago aritu da enplegu bila: 15.500 gehiago. Baina lana dutenen kopurua aurreko hilekoaren berbera da. Neurri batean, horrek azaltzen du langabeziaren igoera. Baina beste arrazoi batzuk ere badaude: adibidez, udan, hezkuntzari lotutako kontratu batzuk eteten dituzte —garbitzaileenak, jantokietakoak, irakasle batzuenak...—, eta gauza bera abuztu amaieran, udako kontratu batzuekin. Are nabarmenagoa egin da hori 2022ko lan erreformarekin, horrek ugaritu egin baititu aldizkako kontratu finkoak, eta halakoak dira udaran etendakoetako asko, bereziki emakumeenak eta gazteenak.

Hala, gazteen artean ere nabarmen egin du gora langabeziak. 16 eta 34 urte bitartekoen artean 8.300 gehiago dira, eta %31koa da langabezia tasa adin tarte horretan. Langabe guztien %41 dira.

Udazkenera begira

Udazkenean datu hobeak espero dira, historikoki hala gertatu izan baita —ohikoa izaten da udan hezkuntzan galdutako lanpostuak irailean eta urrian berreskuratzea—, eta jarduera ekonomikoa bizkortzea espero baita.

Lurraldeka, Araban handitu da gehien langabezia tasa: 2,5 puntu, eta %9,2koa da: 4.000 langabe gehiago. Kopuru absolutuetan, Gipuzkoan handitu da gehien: 8.000 gehiago, eta tasak 2,2 puntu egin du gora, %8,7raino. Bizkaian, 1.500 gehiago daude, eta hangoa da tasarik txikiena: %7,9. Nafarroan, berriz, 2.100 gehiago, eta han dute tasarik handiena: %9,3.

ELAk eta LABek azpimarratu dute talde «kalteberenei» eragin diela langabeziaren igoerak eta enplegua «prekarizatzen» ari dela. CCOOk, berriz, adierazi du kalitatea hobetu behar dela, bereziki lanaldi partzialeko eta plataforma bideko kontratuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.